Jarduera Arrakastatsuen aldeko apustua egiten duten ikastetxe batean lan egiteko aukera zoragarria izan dut. Hasieratik ikusi nuen: ez dira jarduera “osagarri” hutsak, baizik eta ikasleen bizitzan benetako eragina duten jarduerak. Esperientzia horrek agerian utzi dit ikastetxe baten arrakastaren giltzetako bat ez dela soilik edukiak transmititzea eta jarduera politak edo dibertigarriak eskaintzea bizikidetza hobetzeko, baizik eta dagoeneko funtzionatzen duten jarduerak martxan jartzea.

Zero Indarkeria Ausarten Kluba izan da ikastetxean aurrera daramaten Jarduera Arrakastatsuetako bat, eta nire begiekin ikusi dut emaitza: ikasleen artean aldaketa positiboak sortzen dira. Bertan, ikasleen arteko harremanak nabarmen hobetu dira, bai eskolan, bai eskolatik kanpo. Hasieran erronka bat izan zen denontzat, baina denbora pasa ahala konfiantza hartu zuten, eta talde sendoagoa bilakatzea lortu genuen. Giro atseginagoa sortu zen, leku seguruagoa, non ikasleek elkarrekin  erosoago sentitzen ziren.

Harrigarria badirudi ere, une batetik aurrera ikasleak beraiek ziren Zero Indarkeria Ausarten Kluba aplikatzea eskatzen zidatenak, gatazkaren bat gertatzen zenean edo norbaitek jarrera txar bat erakusten zuenean. Ikasleen eskaera honek garbi erakutsi zidan errespetuzko modu batean arazoak konpontzeko gogoa zutela, eta horrek agerian uzten du klubak ikasleengan pizten zuen ausardia eta erantzukizun sentimendua.

Esperientzia honek erakutsi dit Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuen aldeko apustua egiterakoan emaitzak ikus daitezkeela, ez teorian bakarrik, baizik eta eguneroko bizitzan. Ikasleak pozik daude, harreman sendoagoak dituzte eta komunitate osasuntsuagoa eraikitzen dugu. Horregatik, niretzat ohore handia izan da proiektu honetan parte hartu eta errealitate hori bertatik bertara bizitzea. Etorkizunean ere berdin jarraituko dut, emaitza hobeagoak ematen dituen beste jardueraren bat aurkitu arte.

Egilea: Iurre Gurrutxaga – Lehen Hezkuntzako irakaslea

Loading