Adingabeekin harremanei tolerantzia absoluturik ez izatea da feminismoaren, askatasunaren eta indarkeriaren aurkako jarreraren ezinbesteko baldintzetako bat. Baina helduok inolako presiorik gabe norarekin harremanak izan nahi ditugun aukeratzea ere feminismoaren eta emakumeok mendeetan zehar borrokatu dugun indarkeriaren aurkako borrokaren oinarrizko eskubidea da. Askatasun horretan baimenik gabe esku hartzea jazarpena da, edozein itxurapean ezkutatu ere.

Badakigu emakumeok hainbeste kostata lortu dugun askatasuna etengabe mehatxupean dagoela, gure ordez erabaki nahi duten erreakzionario matxisten aldetik: norekin harremanak izan ditzakegun eta norekin ez. Azkenaldian, bikoteen arteko adin-diferentzien inguruko kritikak ageri dira hedabideetan. Emakumea gizona baino zaharragoa denean kritikatzen dira batzuk, eta beste batzuk, berriz, gizonezko eta emakumezkoen arteko adin-tarteagatik. Kritika horiek guztiak jazarpenak dira, gure askatasunaren aurkakoak. Harreman bat askea edo jazarpena izatearen gakoa adostasuna da, eta inork ez du eskubiderik heldu batek libreki ematen duen adostasun horretan esku hartzeko. Emakumeei adostasuna kentzea da gure askatasuna eta gure bizitza kentzea. Kritika horiek publikoki babesten dituztenetako batzuek 40 urte baino gehiago dituzte, baina ez dute gazteago garenok baino hobeto aukeratzen, eta batzuek jazarle jokabidea dute.

Eraso hauek are larriagoak dira feminismoaren edo indarkeriaren aurkako borrokaren izenean egiten direnean. 40 urteko norbaitek 20 urteko neska batek 60 urteko gizon batekin edo alderantziz harremana izatea kritikatzen duenean, neska hori infantilizatzen ari da, bere bizitzan esku hartzen ari da, hura jazartzen ari da. Zergatik uste du, 40 urterekin, 20 urteko neska hori baino askeagoa dela? 18 urte baino gehiago dituen norbaitek heldu batekin duen harremana adingabeen aurkako abusutzat aurkeztu nahi duenean, benetan adingabe diren edo izan diren biktimen aurkako kalte handia egiten ari da, eta adingabeen aurkako abusuaren aurkako borrokari ere kalte handia egiten dio.

Egilea: Garazi López de Aguileta

Loading