Espainian, uholdeak dira kalte gehien eragiten duten hondamendi naturalak, batez ere Mediterraneoko kostaldean. Azken urteetan, Mediterraneoko itsasoaren berotzeak prezipitazioen intentsitatea areagotu du, eta urbanizazio-prozesuek arriskua handitu dute. Haurrek jasaten dute inpaktu larriena, eta eskolak funtsezko guneak dira babes eta laguntza eskaintzeko. Hala ere, Espainian, hezkuntza-eremuan natur hondamendien aurrean ezarritako ekintzek muga nabarmenak dituzte, eta beharrezkoa da zientzia-ezagutzak eguneroko praktikekin uztartzea komunitate erresilienteak eraikitzeko.

Nahiz eta eskoletan hondamendi naturalen inpaktu emozionala prebenitzeko eta arintzeko rolari buruzko ikerketak badauden, uholdeei aurre egiteko hezkuntza-ekintza zehatzei buruzko literatura mugatua da. Oraindik ez dago argi zein diren esku-hartze eraginkorrenak haurren ongizatea eta komunitatearen kohesioa sustatzeko, eta nola txertatu praktika horiek eguneroko hezkuntza-jardueretan.

Esther Roca eta kideen ikerketak Valentziako DANA uholdeek kaltetutako 18 eskoletako irakasle eta ikertzaileen arteko ekintza ko-sortzearen prozesua aztertu du. Horretarako, sei eztabaida-talde dialogiko, tertulia zientifiko dialogiko bat eta WhatsApp komunitate baten bitartez, sei ekintza eraginkor garatu dira komunitate erresilientearen eraikuntzan laguntzeko.

Eskola Erresilienteak Eraikitzeko Sei Hezkuntza Esku-hartze Zientifikoak

Ikerketa honek herritarrei sei hezkuntza-ekintza eskaintzen dizkie, ikerketan eta hezkuntza-profesionalen ikuspegian oinarrituak, eskolen rolak natur hondamendien inpaktua arintzeko duen garrantzia azpimarratuz. Ekintza hauek DANA hondamendiaren lehen asteetan eragina izan zuten eta, etorkizunean, komunitate-erresilientzia sustatzeko gako izan daitezke. Gaur egun, Espainian eta Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan ez dago eskola-zuzendari eta irakasleak natur hondamendien ondorioak murrizteko prestatzen dituen hezkuntza-programarik. Hauek dira sei jarduerak:

  • Hezkuntza-komunitatearen mapaketa: Lehen orduetan komunitatearen egoera identifikatzeko aukera eman zuen (desagertutako pertsonak, komunikazio-arazoak, etab.), eta familia ahulenen premia urgenteak detektatzeko tresna gisa balio izan zuen.
  • Ikaskuntza-ingurune egokien sorrera: Babes-ingurune seguruak sortzeak haurren emozio-egonkortasuna eta ikaskuntzarako motibazioa sustatu zituen.
  • Tertulia dialogikoen antolaketa: Ikasle eta irakasleek beren esperientziak partekatzeko gune seguruak eskaini ziren, haien ongizate emozionala eta komunitate-kohesioa hobetuz.
  • Elkartasun-sareen sorrera: Komunitateko kideek elkar zaintzeko mekanismoak ezarri zituzten, eta epe luzerako laguntza-sareak sortu ziren.
  • Indarkeriarik gabeko sareen mantentzea (Zero Violence Brave Club): Ingurune seguruak sustatu ziren, indarkeria prebenitzeko eta haurren arteko laguntza sustatzeko.
  • Talde ahulentzako laguntza zehatza: Talde zaurgarrien beharrei erantzun zitzaien, diskriminazioa eta bazterketa saihestuz.

Egilea: Ane López de Aguileta

Loading