Gero eta ezagutza zientifiko handiagoa daukagu jazarpenari buruz. Jazarpen tradizionalaren biktimizaziorako arrisku-faktoreetako bat lagunekiko hurbiltasunik eza, gizarte-laguntzarik, autoeraginkortasunarik eta gizarte-osperik eza dira. Horiek ziberjazarpenean ere gertatzen dira.

Era berean, badakigu eskola-jazarpenak ondorio larriak dituela biktimen eta erasotzaileen osasunean; hala ere, gero eta ebidentzia zientifiko gehiago daude ikusleen edo lekukoen osasunean nola eragiten duen jakiteko, eta kasu batzuetan are larriagoak dira, biktimen edo erasotzaileen kasuan baino.

Fenomeno horretan gehiago sakondu duten ikerketen arabera, lekukotzat har daitezkeen pertsonen artean biktimak babesten dituztenak daude. Egia esan, ez dira lekukoak bakarrik, indarkeria eta genero-indarkeria isolatzailea ere pairatzen dute. Flechak eta kideek argitaratutako ikerketaren arabera, genero‑indarkeria Isolatzaileak ere ondorio negatiboak ditu indarkeria hori jasaten dutenen osasun mentalean, hala nola beldurra, estresa, antsietatea, segurtasunik eza, autokonfiantzaren galera eta tristura; baita osasun fisikoan ere, hala nola loaren nahasmenduak, elikadurarenak, nekeak, migrainak…

Genero‑indarkeria isolatzailea harreman toxikoen mota jakin bat izan daiteke, eta, ikerketen arabera, osasun fisikoa eta mentala hondatzen ditu. Ikerketa horren aurkikuntzak harreman toxikoekin lotutako ikerketa-ildo horri gehitzen zaizkio. Biktima babesten ez duten edo parte hartzen ez duten lekukoei ere eragin diezaiekete, ondorioen beldur direlako eta harreman toxiko horietan inplikatuta daudelako.

Gaur egun, eskoletan osasun mentaleko arazo askoren berri ematen da. Arazo horiek pairatzen dituenaren arazo indibidualtzat hartzeko joera egon ohi da. Normalean ez dira jazarpen‑kasuekin erlazionatzen, baina hori da kontuan hartu beharreko lehen kausetako bat. Alde batetik, ikerketak eta ebaluazioek adierazten digute guk dakigun baino askoz ere jazarpen-kasu gehiago daudela; bestetik, litekeena da, nahiz eta arazoak dituen pertsona zuzeneko biktima edo erasotzailea ez izan, genero-indarkeria isolatzailearekin lotutako harreman toxikoetan inplikatuta egon izana, hau da, biktimei lekukoa edo babesa eman izana eta, ondorioz, genero-indarkeria isolatzailea jasan izana.

Beraz, eskoletako jazarpenarekin eta horrek eragiten dituen osasun-arazoekin amaitzeko, funtsezkoa da giro segurua sortzea biktimentzat eta haiek babesten dituztenentzat, egoera horiek detektatu eta haiekin amaitu ahal izateko. Babesten dutenak babestu gabe, ezinezkoa da indarkeriarekin amaitzea. Era berean, prebentzio‑lana egiteko harreman osasuntsuak eta adiskidetasun‑sentimenduak sustatu behar dira.

Argazkia: Unsplash

Egilea: MªLuisa Jaussi