Joan den urtarrilaren 23an, Adarra pedagogi erakundeak, Bizi ikerketa-taldearekin lankidetzan, “Seiurtekoak eta Eskolak” izeneko mintegia antolatu zuen. Horretan, unibertsitateko eta ikastetxeetako irakasleek parte hartu zuten, eta maila goreneko hizlariak egon ziren. Ekitaldian, unibertsitateetako eta eskoletako ikertzaileen artean lankidetza apartak bultzatzeko ahalegin bateratuei buruz hitz egin zen, zientzia, hezkuntza eta gizartea hobetzeko helburuarekin.

Lehen saioa Ramón Flecha doktoreak egin zuen, inpaktu sozialean munduko lehen zientzialaria denak. Flechak balio handiko orientabideak partekatu zituen seiurtekoen irizpide berriak betetzeko, eta nabarmendu zuen garrantzitsua dela inpaktu soziala ikerketa- eta hezkuntza-lanean txertatzea. Seiurtekoen deialdi berriak ikerketa akademikoaren eta eskolaren arteko sinergia sustatzea helburu duela azaldu zuen. Beraz, orain hezkuntza-ikerkuntzan lan egiten duten ikertzaileek justifikatu behar izango dute eskoletan izan duten eragin positiboa. Hori dela eta, haien lana aurrera eraman ahal izateko, lehendabizi eskola horretan zein emaitza lortu duten justifikatu behar dute. 

Ondoren, bigarren saioan, eskolen eta unibertsitateko ikertzaileen arteko lankidetzei buruz hitz egin zen, Flechak azaldutako egoera horren aurrean, etorkizunean eskoletan izango duten eragina ikusarazteko eta lankidetza sustatzeko. Saio horretan, Harkaitz Zubiri Esnaolak (EHUko irakasle agregatuak eta Biziko ikerketa-taldeko ikertzaile Nagusia), Vanessa Hurtadorekin batera (Irungo San Vicente de Paul ikastetxeko irakaslea), ikastetxeen eta ikertzaileen arteko lankidetza eraginkorra sustatzeko funtsezko irizpideak aurkeztu zituen. 

Mintegi horrek hausnarketarako eta ideiak partekatzeko gunea eskaini zuen, inpaktu soziala ikastetxeetako ikertzaile eta irakasleen lanean txertatzearen garrantzia ulertarazteko. Hizlariekin izandako elkarrizketan nabarmendu zen beharrezkoa dela ikasleentzako eta eskoletarako baliagarriak ez diren ikerketetatik aldentzea, eta inportanteena dela ahaleginak pertsonen bizi-kalitatea hobetzera bideratzea. Horrela, unibertsitateen eta eskolen arteko lankidetza katalizatzaile bat izan daiteke zientzian, hezkuntzan eta gizartean, benetako inpaktu soziala lortzeko. 

Egilea: Garazi Alvarez