Mary Ainsworth iparramerikarra (1913-1999) XX. mendean eragin gehien izan zuen psikologoetako bat izan da, nahiz eta bere garaian emakumeek protagonismo profesionala oso mugatua izan. Gaur egun, bere ekarpenak garapen emozionalari buruz eta atxikimenduari buruz, psikologian ikasketa gehiago eraikitzeko oinarri izaten jarraitzen dira, eta mundu osoko unibertsitateetan aztertzen dira.
Ohion jaioa, Kanadara joan zen familiarekin. Torontoko Unibertsitatean Garapenaren Psikologia ikasi zuen eta 1939an doktoratu zen. Ikasketak amaitzean, Kanadako Emakumeen Armadan sartu zen. Eta, gerra ostean, boluntario aritu zen beteranoen ospitalean, ebaluazio klinikoak egiten.
Handik urte batzuetara ezkondu eta Londresera joan zen bizitzera. Orduan, Tavistock Institutuan hasi zen lanean, John Bowlby psikiatrarekin batera. Eta harekin, haurrak atxikimendu-figurengandik edo zaintzaileengandik banantzeak ikertzen ditu, normalean amengandik. Horri esker, gizarte-garapen goiztiarra ulertzeko teoria psikologiko garrantzitsuenetako bat formulatu zuen: atxikimenduaren teoria.
1953an Ugandara joan zen eta Kampalako Ikerketa Sozialeko Afrikako Institutuan hasi zen lanean. Bertan, haurrek amekin zituzten harreman goiztiarrei buruzko ikerketak egiten jarraitu zuen, ikerketa etologiko eta primatologikoetan oinarrituta. Han garapen sozioemozionalaren arloko luzetarako lehen azterlanetako bat egin zuen. Ikerketa hauek faktore kulturalaren eragina ezagutzeko aukera eman zioten: kultura ezberdinetan hazkuntza moduak ezberdinak dira. Ordura arte, azterlan guztiak mendebaldeko inguruneetan egin ziren, eta emaitzak antzekoak ziren.
Geroago, postu bat lortu zuen John Hopkins Institutuan, Estatu Batuetan, eta, ondoren, Virginiako Unibertsitatean, 1984an profesionalki erretiratu zen arte. Hala ere, ikertzen, ikasleak gainbegiratzen eta argitaratzen jarraitu zuen. 1985ean, Society for Research in Child Development saria lortu zuen, haurraren garapenaren ikerketan egindako ekarpenengatik, eta, 1998an, American Psychological Association (APA) elkartearen urrezko domina.
Haurraren eta bere amaren arteko atxikimendu-harremana izan zen Mary Ainsworthen lan akademikoaren ardatz nagusia. Nola bereizten den harreman hori, nola ikas daitekeen eta haurraren portaera sozialaren garapenean duen garrantzia izan ziren haren ikerketa gidatu zuten galdera nagusiak. Haurrarengan amaren atxikimenduzko harreman osasuntsu eta segurua garatzearen garrantzia nabarmendu zuen. Segurtasunik gabeko atxikimendu batek haurrarengan eta helduaroan izan lezakeen eragina ere azpimarratu zuen. «Oso txundituta geratu nintzen haurrak gurasoengandik hurbil egotean segurtasuna garatzen duelako ideiarekin; segurtasun horrek mundua arakatzeko aukera ematen dio, hari buruz ikasteko eta hura maneiatzeko trebetasunak eskuratzeko».
Bere ikerketetan kontzeptu berri bat gehitu zuen: egoera arrotza (arrotzen beldurra). Era berean, neba-arreben artean ere atxikimenduzko harremanak sortzen direla ikusi zuen: anai-arreba nagusiek amaren antzeko zaintzak eskaintzen dituzte.
Atxikimenduari eragiten dion funtsezko faktoreetako bat amak bere haurraren premiekiko duen sentikortasuna da. Horregatik, askotan defendatu zuen emakumeei karrera profesionala eta amatasuna bateragarri egiten lagunduko zieten programak ezartzeko beharra. Garai hartan ia pentsaezina zen emakumeek beren bizitzako bi alderdi horiek bateragarri egitea. Horregatik jotzen da Mary Ainsworth amentzako lana eta familia bateragarri egiteko programen aitzindarietako bat. Zentzu horretan, ikertzailea izan zen eta, aldi berean, emakumeen eskubideen aldeko borrokalaria.
Mary Ainsworthek garapen emozionalaren azterketari egindako ekarpenak luzeak eta iraunkorrak izan dira. Bere lanaren eraginaren neurri garrantzitsu bat bere ekarpen teoriko eta metodologikoek bultzatutako ikerketa kopuru handia da.
Mary Ainsworthek erakutsi zuen, banakako portaeraren azterketa bakarrik baliozkotzat jotzen zen garai batean, harremanak garrantzitsuak direla eta zientifikoki azter daitezkeela.
Egilea: Alfonso Caño