2024ko ikasturtean Australiako eskoletan adimen artifizial (AI) generatiboa erabiltzen hasiko dira. 2023ko otsailean, Australiako Hezkuntza ministroek adostu zuten Australiako eskola eta ikasleentzako AI sortzailearen teknologia-aukerak aprobetxatzea eta arriskuei erantzutea hezkuntza-lehentasun nazionala dela. Hortaz, Australiako eskoletarako ebidentzietan oinarritutako jardunbide egokien lan-esparru bat (Esparrua) garatzea adostu zuten.

AI Generatiborako Esparruaren helburua AI sortzailearen tresnen erabilera arduratsua eta etikoa gidatzea da, ikasleei, eskolei eta gizarteari mesede egiteko. Hau da, eskola-hezkuntzarekin zerikusia duten pertsona guztiei, eskola-liderrei, irakasleei, laguntza-langileei, zerbitzu-hornitzaileei, gurasoei, tutoreei, ikasleei eta politikak formulatzeaz arduratzen derenei laguntzeko.

Garatutako Esparruak funtsezko printzipio hauek ezartzen ditu: giza eta gizarte-ongizatearen babesa, gardentasuna, berdintasunezko eta diskriminaziorik gabeko sarbidea, egile-eskubideak errespetatzea eta kontuak ematea. Horiek hiru eremu dituzte ardatz:

  • Hezkuntza-emaitzak. Esparruak aitortu egin nahi du AI tresnen erabilera egokiak Australiako eskola-komunitateetako kide guztien ikaskuntza hobetu dezakeela. Horretarako, ikastetxeek ikasleak inplikatu behar dituzte sormenezko AI tresnen ikaskuntzan eta funtzionamenduan, horiek izan ditzaketen mugak eta joerak azaltzeaz gain.
  • Jardunbide etikoak: Esparruak AI sortzailearen tresnak eskoletan modu seguru, arduratsu eta etikoan erabiltzea nahi du. Esparruaren arabera, kalitate handiko eta seguruko AIren potentziala erabat aprobetxatzeko, ikastetxeek pribatutasuna, segurtasuna eta etika behar bezala ulertu eta kudeatu beharko dituzte, AI eskola-komunitateko ezein kideren ongizatea, segurtasuna edo osotasuna kaltetu gabe erabiltzen irakatsi beharko dute, inolako pertsonarik edo talderik diskriminatu gabe. Bestetik, modu egokian eta proportzionatuan kudeatu beharko dituzte AIren eduki sortzailean erroreak eta alborapen algoritmikoak izateko aukera edo antzeko arriskuak.
  • Ekitatea eta inklusioa: Esparruak AI sortzailearen tresnak modu justuan, eskuragarrian eta inklusiboan erabiltzen direla bermatu nahi du.

Australiako politika eta helburu nazionalekin bat datorren Esparru hori sindikatuekin, irakasleekin, ikasle akademikoekin eta sektore guztietako guraso eta eskoletako ordezkariekin egindako kontsulta eta gero onartu zen, eta, ondoren, ikerketa parlamentarioa egin zen.

Nolanahi ere, Hezkuntza ministroek Esparrua berrikusiko dute argitaratu eta 12 hilabetera, eta, ondoren, 12 hilean behin, garapen teknologikoaren erritmo bizira egokituko dute.

Egilea: Isabel Mendizabal