Dagoeneko jakitun gara diskurtso hertsatzaileak eragin negatiboa eta oso kaltegarria izan dezakeela nesken plazer sexualean. Ikerketak argi utzi du, diskurtso hertsatzailearen mendeko harremanetan, harreman zirraragarri gisa deskribatzen zituzten neskek sexu-plazer falta ere aitortzen zutela. Nola izan daiteke posible harreman afektibo-sexual bat laguneei kitzikagarri bezala deskribatzea eta aldi berean sexu-plazer falta sentitu izana aitortzea?
Parte-hartzaileek halako harremanetan benetan bizi izan zutenaren eta beraien lagunei kontatu zietenaren arteko desadostasuna identifikatu zen. Itxurazko kontraesan hori ulertu nahian, Torras-Gómez eta kideek ikerketa bat jarri zuten martxan. 18 eta 21 urte bitarteko 10 neskei elkarrizketa komunikatiboak egin zizkieten. Helburua parte-hartzaileek beraien harreman afektibo sexualen inguruan heuren lagunekin dituzten interakzio eta elkarrizketetan kontakizun faltsuen presentzia identifikatzea eta aztertzea izan zen.
Ikerketa honen emaitzek argi erakusten dute parte-hartzaileek harreman mespretxugarri hauetan plazer falta sentitzen dutela baina bidebatez zirraragarritzat jotzen dutela beraien lagunei eta parekoei kontatzen dizkietenean, harremanetan izaten dituzten sentimendu negatiboak zapalduz eta ezkutatuz. Errealitatea apainduz, gertakizun ikaragarri bat bezala kontatzen dute, guztia exajeratuz.
Hona hemen ikerketan parte hartutako neska batzuen hitzak:
“Exageratu nuen, ‘wow super guay, oso guapoa’, asko exajeratu nuen. Nirekin egon zen lehen mutiletako batek, ez zuen oso ondo egin, gaizki sentitu nintzen baina “wow, super ona izan da” esan nion lagunari. (Ivet, 18)
“Bai, azkenean dutxan edo igogailuan egitea, momentuz ez da ‘uau’ baina gero lagunei kontatzen diezu eta ‘uau’. Egitea baino horretaz hitz egitea gehiago gustatzen zaizu. Esaterako, kotxean egitea, nik egin nuen eta ez da gauza handirik, eta horri buruz kontatzen duzu eta denek ‘aupa’, eta errepikatzen duzunean (eta horretaz hitz egiten jarraitu) ikaragarria bezala kontatzen duzu, baina benetan ez zen hala izan” (Nerea, 20)
Bestalde, elkarrizketatuek errealitatearen beste bertsio bat partekatzeaz gain, beraien lagunek ere gauza bera egiten zutela susmatzen zuten. Aldez aurreko ikerketen arabera, kasu askotan nesken arteko interakzioek eta elkarrizketek harreman afektibo sexual espezifikoak sustatzen eta balioztatzen dituzte eta hori taldean normatibo bihurtu daiteke. Ondorioz, kasu askotan, nerabeek heuren taldeko lagunen sexu-jokabide antzekoak izaten dituzte. Honek azal dezake ikerketa honetako nesken aukeraketa harreman afektibo sexualak izaterakoan, nahiz eta beti gustuko ez dituzten. Izan eren, beraien lagunen esperientziekin lerrokatuta daudela sentitzen dute eta aldi berean jokabide horiek izatea eta batez ere modu esajeratuan eta kitzikagarrian partekatzeak harreman hertsatzaileen presioa indartzen du.
Ikerketa honen emaitzek argi erakusten dute harreman hertsatzaileetan oso presente egoten direla inbentatutako istorioak eta kontakizun faltsuak, errealitatea ezkuntatuz. Beraz, aurre egin behar diegu diskurtso eta harreman hertsatzaileei, harreman aske eta benetan kitzikagarrietaz disfrutatu ahal izateko.
Egilea: Ane Olabarria