Madrilgo Complutense Unibertsitateko ikerketa baten bidez —GASOL fundazioak koordinatutako PASOS proiektuaren barruan dagoena—, ikertzaileek ariketarekin, elikadurarekin, gailu elektronikoekin eta lo-orduekin lotutako sei jokabide-eredu identifikatu dituzte haurtzaro eta nerabezaroan.

Pediatric Research aldizkarian argitaratutako ikerketa 8 eta 16 urte bitarteko biztanleen lagin adierazgarriarekin egindako lehenengoa da, non estatuko autonomia-erkidego guztietako 3.261 umek parte hartu duten.

Ikerketaren arabera, haur eta gazteen artean osasungarriak ez diren ohiturak ezartzen ari dira, hala nola ariketa fisiko eskasa eta pantailen gehiegizko erabilera.

“Nerabeengan, umeen patroiari beste ezaugarri batzuk gehitzen zaizkio: dieta mediterraneoa ez izatea, gomendatutakoa baino ordu gutxiago lo egitea, eta gehiegizko pisua eta obesitate-prebalentzia altua izatea”, Augusto García Zapico ikertzailearen arabera (Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakasleen formakuntza-zentroko fakultateko ikertzaile nagusia eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko IMFINEKO ikerketa-taldeko partaidea).

Sexuaren araberako desberdintasunei dagokienez, neskek ariketa fisiko gutxiago egiten dutela behatu dute. Dena den, %36,2k bakarrik egiten dute OMEk gomendatzen duen beste ariketa fisiko. 

Analisiak nabarmendu du ohitura batzuk uztartu egiten direla: ariketa fisiko gutxi egitea eta pantailen erabilera handia, maiz, elkarrekin doaz; era berean, dieta mediterraneoa betetzen ez duten parte-hartzaileek ere denbora gehiago pasatzen dute pantailen aurrean.

“Emaitzek populazio horren osasun-ohituren argazkia izateko balio digute. Beharrezkoa da egoeraren berri izatea, non esku-hartu jakiteko eta politika publikoen ondorioak aztertzeko”, dio García Zapicok.

Ikertzaileak dioenaren arabera, haurtzaroa eta nerabezaroa ezinbestekoak dira ohitura osasungarriak errotzeko eta gaixotasunak saihesteko. Izan ere, irakaslearen arabera, gizartea ez da jabetzen belaunaldi berriek izan ditzaketen osasun-arazo larriez. Horregatik, hezkuntza ezinbestekoa da gazteek ohitura osasungarriak garatu ditzaten, neurri errealak ezartzeko. Horrela, helduak direnean osasun hobea bermatuko zaie.

Egilea: Laura Alvarez