Feminizidioa da genero-indarkeriaren muturreko adierazpena. Errealitate hori prebenitu eta jorratu ahal izateko, berriki, azterlan bat argitaratu da. Ezagutza zientifikoan sakontzen du, eta gizarte zibilak gidatutako esku-hartzeak identifikatzen eta aztertzen ditu, Europako eta Latinoamerikako indarkerien prebentzioan eta emakumeen bizitzen babesean eragina izan dutenak. Ezagutza horren ondorioz, orientabide praktikoak sortzen dira, beste erakunde eta elkarte batzuek feminizidioa prebenitzen eta babesten lagunduko duten esku-hartzeak gara ditzaten. Nabarmendu behar da orientabide horiek askotariko erakundeei zuzenduta daudela, eta ez soilik feminizidioei buruzko zuzeneko lana egiten dutenei, horien artean baitaude hezkuntza-espazioak.
Hainbat diziplinatako esku-hartzeak biltzen dira, eta ezagutza prebentiboa eta orientazioa sortzen duten alderdi komunak identifikatu. Garrantzitsua da esku-hartze komunitarioek, sozialek eta indibidualek kasu gehienetan duten eragina nabarmentzea.
Oro har, identifikatutako inpaktuek emakumeen ahalduntzearen eta autonomiaren aldeko bultzada islatzen dute, eta haien bizitzei buruzko erabakiak hartzea sustatzen dute, genero-indarkeriaren biktima izatetik zuzenbideko subjektu izatera igaro daitezen. Denboran zehar eta kanpoko esku-hartzeen mende egon gabe, susperraldi iraunkorra sustatzea da helburua. Halaber, parte hartu duten emakumeen seme-alaben hazkuntza ez-sexistan eragina izan duela ikusi da.
Beharrezkoa da esku-hartze berriak bultzatzen jarraitzea eta lehendik daudenak indartzea. Horretarako, txosten horretan azaldutako esku-hartzeen adibideek eta gomendioek erraztu egin dezakete erakunde ugarik lan hori egitea, ez bakarrik genero-indarkeria lantzen dutenek eta feminizidio-arriskuan dauden emakumeekin lan egiten dutenek, baita talde informalek (lagun-taldeak, gurasoen taldeak…) edo norbanakoek ere.
Azterlanean egiten diren gomendioen artean, hezkuntza-eremuari bereziki zuzendutako bat dago; izan ere, eremu horretan emakumeek sare informalak dituzte, eta sare horiek modu egokian sustatu daitezke, babesteko funtsezko elementu bihur daitezen. Adibidez, familiak eta ingurunea sentsibilizatzea, detekzio-protokoloak txertatzea hezkuntza-erakundeetan… Jakina denez, emakume askok denbora behar izaten dute arrisku-egoeran edo indarkeria-egoeran daudela onartzeko, edo egoera hori saihesten saiatzen dira, senideekin edo agintariekin partekatu gabe, erasotzailearen jokabidea aldatuko delakoan edo mehatxuen beldur. Beste emakume batzuek, aldiz, laguntza bilatzen dute edo inguruko pertsonei azaltzen diete, baina ez dute beti pertsona horien babesa edo laguntza egokia aurkitzen. Horregatik, arreta berezia jarri behar da familien, lagunen eta inguruko pertsonen formakuntzan, oro har, arazoa ezagutu eta uler dezaten, arriskuan dauden pertsonak identifika ditzaten eta laguntza bilatzera anima ditzaten.
Era berean, oso garrantzitsua da genero-indarkeriaren berri duten pertsonek genero-indarkeria jasaten duten pertsonenganako elkartasuna eta babesa sustatzea. Hori dela eta, genero-indarkeria isolatzailea kontuan hartu behar da, hau da, laguntza hori eskaintzearen ondorioz indarkeria-egoeran dagoen emakume bati laguntzen dioten pertsonek jasotzen dutena. Horregatik, garrantzitsua da inguruko pertsonei babesa zabaltzea. Babesten dutenak babestuz, inguruneak isolamendua hausten du, eta bere rol aktiboa eta lagungarria errazten da.
Testuan adierazten den bezala, “inork ezin du feminizidioak eta genero-indarkeria desagerrarazteko behar den guztia egin, baina guztiok egin dezakegu zerbait”.
Egilea: Mª Luisa Jaussi