Urriaren 2tik 7ra, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatuta, Passion for Knowledge (P4K) 2023 zientzia-jaialdia egingo da. Bertan, zortzi Nobel saridunek hartuko dute parte, baita nazioarteko zientzialari ospetsu askok ere, azken hamarkadetako aurkikuntza zientifiko garrantzitsuenetako batzuen protagonista izan direnek.

Zientzia hurrengo belaunaldien ongizateari laguntzeko funtsezko kultura-jarduera gisa sustatzeko eta ezagutza aurrerapen zientifiko, teknologiko eta kulturalaren eragile gisa nabarmentzeko helburuarekin, DIPCk, ohiko osoko hitzaldiez gain, hainbat jarduera antolatu ditu publiko desberdinentzat: bigarren hezkuntzako ikasleen topaketak zientzialariekin, Naukak saioak, streamer-ekin dibulgazioa, bertsolariekin saioa, erakusketak, haurrentzako tailerrak, ikuskizunak, proiekzioak, etab. Hainbat agertokitan banatuko dira, besteak beste, Victoria Eugenian (Donostia), Guggenheim Museoan (Bilbo) eta Baluarten (Iruñea).

Osoko hitzaldiak arratsaldez izango dira jaialdiaren egoitza nagusian, Victoria Eugenia Antzokian, eta jaialdiaren egitarau zabalaren zigilu bereizgarria dira. Hainbat Nobel saridunen eta zientzia-diziplinetako nazioarteko pertsona ospetsuen eskutik, publikoa fisika kuantikoa, kimika, biomaterial adimendunak, botanika edo bioteknologia bezalako gai ezberdinetara hurbildu ahal izango da. Aurtengo gonbidatuen artean, hauek daude: Özlem Türeci, Covid-19aren aurkako txertoaren lasterketan giltzarria; Didier Queloz (2019ko Fisikako Nobel Saria), lehen exoplanetaren aurkitzailea; Jean-Pierre Sauvage (2016ko Kimikako Nobel Saria), makina molekularren diseinatzailea; Donna Strickland, 2018ko Fisikako Nobel Saria, laserren arloan egindako ikerketa aitzindariari esker; Dario Gil, IBMko presidenteordea eta IBM Research-eko zuzendaria, non konputazio kuantikoko munduko laborategi handiena garatzen den; eta Jocelyn Bell Burnell, pulsareetako aurkitzailea, besteak beste.

Jaialdiaren barruan, “STROM – Astronomia inklusiboa” erakusketa berritzailea inauguratuko da. Erakusketa horrek inklusiorako ateak irekiko ditu, ukipenezko, soinuzko eta ikus-entzunezko esperientzia irisgarriekin. Bertan, galaxien gainazala eta Ilargiaren kraterrak behatzekin zeharkatu ahal izango dira, edo Eguzkiaren soinuak entzun. Erakusketa urriaren 4tik 31ra egongo da zabalik Tabakalerako Hirugarren Solairuan.

Dagoeneko ohitura den bezala, Victoria Eugenia Antzokian ere Bertso Passion ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da, bertsolari ezagunak bilduko dituena, hala nola Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña; edo dagoeneko ezagunak diren Naukas Passion saioak, non zientziaren dibulgazio eta komunikazioko hainbat pertsonak parte hartzen duten estatu mailan. Gainera, aurten formatu berri bat estreinatuko du jaialdiak: streamers saioak. Saio horietan, eduki zientifikoa duten estatuko streamerik onenek hainbat gai zientifiko eta teknologikoren inguruko ezagutza partekatuko dute.

Asteburuan, Victoria Eugeniako Club Aretoan, Passion Txiki ere egingo da, txikienentzako zientzia jaialdi txiki bat, esperimentu tailerrak, ipuin kontaketa zientifikoak eta jolasak barne.

Jaialdian programatutako jarduera guztiak doakoak izango dira. Euskara, gaztelania eta ingelesa interpretatzeko zerbitzua izango da. Victoria Eugenia antzokian izango diren saio nagusiak streaming bidez emango dira zuzenean, jaialdiaren webgunearen eta eitb.eus-en bidez (Kosmos eta EITBren YouTube kanala), eta ekitaldia amaitutakoan, Euskal Irrati Telebistaren webguneko Kosmos atalean eta Nahieran atarian ikusi ahal izango dira. Aurrez aurre parte hartu nahi izanez gero, aldez aurretik erregistratu behar da.

Edizio honen aurkezpenean, Pedro Miguel Etxenikek DIPC beti gidatu duen ideia azpimarratu du, “zientzia balio kultural eta hazi eraldatzaile gisa”, eta gehiegizko informazio eta fake news garaietan pentsamendu kritikoaren beharra azpimarratu du. Jakintzaren jaialdi honetan herritar guztiak parte hartzera gonbidatzeko, DIPCko presidenteak Hipatia aipatu du, “gogoeta egiteko duzun eskubideari eutsi ezazu arduraz, oker pentsatzea ere hobe baita ezertan ez pentsatzea baino”.

Egilea: Luisa María Puertas