Osasunari buruz hitz egiten digutenean, normalean elikaduran edo bizi-ohitura osasungarrietan pentsatzen dugu; hala ere, hainbat ikerketa zientifikok frogatu dute lotura argia dagoela genero-indarkeriaren eta osasunaren artean. Ondorio ezagun batzuk dira: min kronikoa, sexu-transmisiozko gaixotasunak, depresioa eta pentsamendu suizidak izateko arrisku handiagoa. Osasun publikoko arazo larri horrek agerian uzten du emakumeen eta nesken aurkako indarkeria prebenitzeko premia larria dagoela.

Ildo horretan, CREA ikerketa-taldeak hamarkadak daramatza gai horri buruzko mundu mailako ikerketa aitzindariak egiten, eta errealitate horri buruzko artikulu bat argitaratu berri du. Bertan, genero-indarkeriari eta sexu-indarkeriari lotutako osasun-ondorioak agertzen dira. Journal of Urban Health eragin handiko aldizkari zientifikoan argitaratua, aitzindaria da arrisku-faktore hauetako baten azterketan: taldearen presioa.

Ikerketak 15 eta 16 urte bitarteko nerabeen arteko interakzio hertsatzaileak aztertzen ditu, zehazki sexu-harreman mespretxagarriak sustatzen dituzten elkarreraginak. Interakzio mota horiek ezagutzea eta horien gainean lan egin ahal izatea ezinbesteko urratsa da genero-indarkeria prebenitzeko.

Erabiltzen diren estrategia batzuk:

  • Neskak ere maskulinitate toxikoaren eredua erreproduzitzeko presioa. Askotan, neskekin ibiltzen diren eta gero neskei buruz gaizki hitz egiten duten mutil bortitzen jarrera kritikatzen dute, baina harreman horietan gertatzen den abusuzko portaera eraldatzen saiatu beharrean, neska batzuek beren lagunak modu berean jokatzera animatzen dituzte.
  • Maskulinitate biolentoa adierazten duten mutilak beraien gustokoa izateko presioa. Neska batzuek onartzen dute gustuko ez zituzten mutilekin ligatzera presionatuta sentitzen direla. Horretarako, bi estrategia mota erabiltzen dituzte: neska bati mutil bat gustatzen zaiola etengabe errepikatzea, harik eta bere sentimenduak zalantzan jartzen dituen arte, presioari erantzuteko baietz esaten duen arte, edo mutil hori benetan gustatzen zaiola uste duen arte. Bigarren estrategia mutil horiek goraipatzea da, taldean balioesten direla erakutsiz, “maila du” edo “guapua da” bezalako gauzak esanez.
  • Harreman egonkorrak hausteko presioa. Harreman egonkorrak “aspergarri” gisa aurkezten dira, eta neskak presionatzen dituzte beste harreman batzuk izan ditzaten, mespretxuzko jarrera bortitzak dituzten mutilekin ligatzea “dibertigarria” dela adieraziz. Behin hori lortuta, batzuetan larderia sar dezakete, adibidez, baimenik gabe ligearen argazkiak egitea eta neskaren mutil-lagunari eta haren gizarte-testuinguruari bidaltzea.

Ikerketa honek argerian uzten du nerabeen arteko botere-interakzioak zer eragina izan dezaketen diskurtso hertsatzaile nagusia ikasteko eta abusuzko sexu-harremanak hasteko garaian. Berdinen arteko presio hori genero-indarkeria eta sexu-indarkeria sustatzen duten mekanismoetako bat da. Beraz, funtsezkoa da indarkeria horri heltzea, emakumeen eta nesken aurkako indarkeriarekin lotutako osasun-ondorioak prebenitzeko eta eta genero-indarkeriari aurre egiteko.

Egilea: Garazi Alvarez