Educational Research Review punta-puntako aldizkari zientifikoa da: mundu mailan hezkuntzaren eremuan inpaktu handiena duen 3. aldizkari zientifikoa da, Web of Science-n arabera. Bada Educational Research Review-ek plazaratu berria du Solasaldi Literario Dialogikoei (SLD) buruzko artikulu bat: Dialogic literary gatherings: A systematic review of evidence to overcome social and educational inequalities (Solasaldi Literario Dialogikoak: Gizarte eta hezkuntza desberdinkeria gainditzeari buruzko ebidentzien errebisio sistematikoa). Bertan, 2010-2021 urteen artean SLDei buruz argitaratu diren 46 artikulu zientifiko aztertu dituzte. Ikerketa horiek oso testuinguru anitzetan egin diren SLDak analizatu dituzte, eta nabarmentzeko moduko emitzak islatzen dituzte:

  • elkarrizketa eta errespetu giroa sorrarazten dute, eta horrek sustatu egiten du bertaratutakoen partaidetza.
  • aurreiritziak gainditzen laguntzen dute, baita estereotipo arrazistak eta bestelako aurreiritziak gainditzea ere.
  • hizkuntza trebezien ikaskuntza (irakurtzeko gaitasuna, komunikazio gaitasuna, hiztegiaren jabekuntza) eta irakurtzeko motibazioa bultzatzen dituzte.
  • partaideen autoestimua sustatzen dute: liburuak irakurtzen eta haiei buruzko iritziak partekatzen gustura ari direla ikusten dutenean, gaitasun akademikoa badutela ikusarazten laguntzen du.
  • bizikidetza giroa hobetzen dute: interakzio kolaboratiboak nagusitzen dira, elkarri laguntzeko aldartea sustatzen da, eta indarkeriarik gabeko giroa hauspotzen da.
  • inpaktuak solasaldia gainditzen du, komunitatean eragin positiboa izaten du.
  • hezkuntza espektatibak eta, oro har, espektatiba sozialak handitu egiten ditu.

Ramón Flecha-k sortu zituen Solasaldi Literario Dialogikoak 1979-1980 ikasturtean Bartzelonan, La Verneda-Sant Martí helduentzako eskolan. Orduan, kritika eta mespretxu ugari jasan behar izan zituen SLDak martxan jartzeagatik. Gaur egun, ordea, milaka SLD daude munduan zehar, lau kontinentetan, eta makina bat artikulu zientifikok abalatzen dute SLDen eraginkortasuna.

Egilea: Harkaitz Zubiri