Dagoeneko ezagunak diren goseteen ondorio suntsitzaileez gain, duela gutxi egindako txosten batek horiek emakume eta neskengan izango duten eraginaz ohartarazten digu.

Plan Internacionalek egindako txostenaren arabera, elikagaien krisiak gehien kaltetutako herrialdeetan jasango dituzte ondorio larrienak, eta, gainera, herrialde horietako neska eta nerabe askok indarkeria-mota gehiago jasateko arrisku handiagoa dute, hala nola haurren ezkontzak, esplotazioa edo sexu-indarkeria. Kenyan, Somalian, Etiopian, Hego Sudanen, Malin, Nigerren, Burkina Fason eta Haitin 7.158 pertsonari egindako inkesta batean oinarritu da txostena.

Herrialde horietan, egoera prekarioetan dauden familietako neskek eta emakumeek gutxiago jaten dute, eta, askotan, elikagai ez hain elikagarriak; horrek ondorio sakonak ditu haien osasunean eta garapenean. Horri gehitu behar zaio, lehorteen ondorioz, ur bila distantzia handiak egin beharrak dakarren sexu-indarkeria eta indarkeria fisikoa jasateko arriskua. Askotan, taldeka antolatzen dira, edo gauez ez egiten saiatzen dira, baina beti ez da posible izaten.

Herrialde horietako batzuetan gora egin du haurren ezkontzak, familia asko etsita daudelako. Bestalde, Etiopian, adibidez, lehorteak eragiten dituen joan-etorriek neskato eta gazteen trafikoa areagotzen laguntzen dute, bai barruko desplazatuen artean, bai harrera-komunitateen artean.
Egoera horiek hezkuntzan ere eragin negatiboa izan badute ere, eskola-jantokiak dauden eskoletan egoerak hobera egin du, eta bertaratzea areagotu egin da.

Egoera horrek premiazko esku-hartzeak planteatzera daramatza, eta Planak eta beste erakunde batzuek gobernuei laguntza emateko eskatzen diete, ondorio itzulezinak dituen eta saihets daitekeen gosete handi batera ez iristeko. Era berean, oso garrantzitsutzat jotzen da hezkuntzan eta eskola-jantokien gisako baliabideetan inbertitzea, bai eta haurrak babesteko eta genero-indarkeria jasateko arriskuei aurrea hartzeko eta erantzuteko programetan ere.

Haurrak babesteko eta genero-indarkeria prebenitzeko eta jorratzeko programak lehentasuna dira mundu osoan, gizarte guztiei eragiten dien arazoa baita. Eta programa horiek finantzatzeko orduan, oso garrantzitsua da benetan eraginkorrak direnak aukeratzea; izan ere, funts asko inbertitzen ari dira programa ez-eraginkorretan edo egoera okertzen duten programetan, eta hori ezin dugu onartu, pertsona askoren segurtasuna eta bizitza baitago jokoan, txostenak adierazten digun bezala.

Egilea: MªLuisa Jaussi