Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuen eragin positiboak eta boluntarioek gure ikasgeletan parte hartzearen onurak ikusita, erabaki genuen une egokia zela hezkuntza-komunitate osoari zuzendutako lehenengo eskola asanblada egiteko. Ikas-komunitateen Proiektuaren oinarriak partekatzeko aukera paregabea izan zen asanblada hau, eta bide batez, elkarrizketarako gune bat sortzeko. Gure ikastetxearentzat zentzuz eta ilusioz beteriko topaketa honek arrakasta handia izan zuen parte-hartze anitza izan baitzuen hala nola irakasleak, familiak, zentroko langileak, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak eta interesa zuten komunitateko beste kide batzuk parte hartu zutelarik. Lehenengo aldiz, ikastetxeko hezkuntza-komunitateko eragile ezberdinak bildu ziren asmo berdin bati erantzutea xede izanik: gure ikasleei hezkuntza kalitate gorena eskaintzea.

Gure eskola Ikas-komunitate bilakatzeko prozesua hasi zenetik, eta are gehiago, aurrera doan heinean, gure ilusioak berpiztu egin dira. Era berean, proiektu honek zentzua ematen dio gure eguneroko irakaskuntza-jardunari, eta ildo beretik, gure lanbidearekin zein gure hezkuntza-komunitatea osatzen duten eragile desberdinekin berriz konektatzen lagundu digu.

Gure ikastetxean ez ezik, gure auzoan ere ilusio eta amets partekatuak sortu dira proiektu honi esker. Badira distira duten begiradak irakasleen, ikasleen, senideen eta boluntarioen artean, zentzua ematen dutenak, indarrez betetzen dutenak eta edozein oztopo gainditzeko gai direnak. Handia den zerbait egiten ari garela sentitzen dugunean gure begirada argitzen duen disdira horri buruz ari gara; emozionatzen gaituen zerbait, desberdintasunak gainditzeko balio duena , eta, hain zuzen ere, maila guztietan benetan eraldatzailea dena .

Gainera, hezkuntza-komunitate eragile guztiak eskolarekiko birkonexio- eta kidetza-sentimendu sendoagoa garatzen ari dira. Lankidetza, elkartasun eta konfiantza giroa sortzen ari da, gure harremanak hobetzen eta estutzen doaz, eta honenbestez, oso eragin positiboa du gure ikasleengan.

Familia askok gehiago baloratzen dute irakasleen lana, eta denok elkarrekin aurreiritzi batzuk gainditzen goaz.

Gure ikastetxean elkarrizketarako eta parte hartzeko guneak sortzeak hezkuntza-komunitate osoaren harremanak estutzen laguntzen du. Egiten ari garen eraldaketa-prozesuari esker, gure hezkuntza-komunitatea ilusionatu eta birkonektatzen ari da, eta, gainera, ikastetxeko kide izatearen zentzua sustatzen laguntzen digu.

Egilea: Vanessa Hurtado