Rocío García Carrión Deustuko unibertsitateko eta Ikerbasqueko ikertzaileak gidatutako bi
ikerketetan (IMP-EXIT eta INTER-ACT) parte hartzearen ondorioz sortu ziren gure ikastetxea
eraldatzeko ametsak eta ilusioak, gure ikasle guztiei hezkuntza-kalitate gorena eskaintzeko eta gure. egungo gizartearen erronkei erantzunik egokiena emateko. Parte-hartze horri esker, Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuek (HJA) duten eragina eta sortzen dituzten onura ugariak ezagutzeko aukera izan genuen, eta hausnarketa estrategiko sakon bat egin ondoren, gure ikastetxea Ikas-komunitate bilakatzea erabaki genuen.
Une horretatik aurrera, gure Hezkuntza Proiektuaren ardatza birbideratu genuen, eta interes handia sortu zen inpaktu sozialeko ebidentzia zientifikoetan formatzeko. Ebidentzia horiek erakutsi dute eskolen emaitzak hobetzen direla ezinbestean lotuta dauden eremu nagusi hauek guztietan: arlo instrumentalean, bizikidetzan eta garapen emozionalean. Testuinguru horretan, klaustroaren etengabeko formakuntza dialogikoari heldu genion, Tertulia Dialogiko Pedagogikoen bidez. Izan ere, formakuntza dialogikoa funtsezkoa izaten ari da gure irakaskuntza-jarduna hobetzeko eta HJA-k zorroztasunez inplementatzeko, hortaz, gure ikasleen arrakasta handitzeko.
Hori horrela izanik, mota askotariko zalantzak, beldurrak eta aurreiritziak gainditzen lagundu digu, eta irizpide sendoak eman dizkigu gai pedagogiko garrantzitsuetan. Gainera, formakuntza dialogikoak segurtasuna eman digu etorkizunari aurre egiteko orduan, badakigulako aukera fidagarria dela, eta zorroztasunez aplikatuta, gure ikastetxea eta bertan lan egiten dugun pertsona guztiak eraldatzen laguntzen duena. Honen harira, pixkanaka, printzipio dialogikoek gure arteko harremanetan ere eragin positiboa dutela antzematen hasi gara.
Nazioarteko komunitate zientifikoaren bermea duten erabakiak hartzen lagundu digu, eta ez burutazioetan, buloetan edo modetan oinarritutakoak. Esate baterako, Ikasleak nola taldekatu,gatazka baten aurrean nola esku hartu edo interakzio aberatsak sustatzen dituzten estrategia motak aplikatzeko orduan konfiantza ematen digu. Bestalde, gure baliabideak berrantolatu ditugu, ikasle guztien inklusioa eta itxaropen handiak ardatz hartuta. Etengabeko irakasle-formakuntza dialogikoa gure eraldaketa prozesuaren ardatza da. Azken finean, alfabetatze zientifiko eta dialogikoak oinarri pedagogiko sendoak zein fidagarriak ezartzen laguntzen digu gure eskolan, eta halaber, hezkuntza-komunitate osoaren errealitatea hobetzen da.
Egilea: Vanessa Hurtado. Ingeles irakaslea eta LH 4. mailako tutorea