Hainbat ikastetxe ari dira “zirkulazio librea” izeneko eredua martxan jartzen, nagusiki Haur Hezkuntzan. Eredu honen arabera, haurrak ez du inola gidaritzarik izan behar; haurrak erabaki behar du nora joan eta zer egin, eta gehienbat bere kasa ibili beharko luke. Ikuspegi horren arabera, haurrak helduaren ekimenari jarraitzen dionean, helduak eragotzi egiten du haurraren martxa. Deigarria da “zirkulazio librea” jarri duten hainbat ikastetxetan funtzionamendu horretatik kanpo utzi dituztela irakurketa-idazketaren ikaskuntza, matematika eta ingelesa, besteak beste. Ikaskuntza instrumentalak bermatzeko neurriak direla dirudi.

Jakingarria da ea eredu horrek baduen edo ez ebidentzia zientifikoen sustengurik. Gainera, eskuhartze jakin bat eraginkorra den edo ez jakiteko ez dute ebidentzia guztiek balio. Inpaktu sozialaren ebidentzia zientifikoak dira gakoa. Eskuhartze jakin batek emaitza onak eragiten dituela frogatzen denean, eta emaitza horiek puntako aldizkari zientfikoetan argitaratzen eta balidatzen direnean, horiek dira inpaktu sozialaren ebidentzia zientifikoak.

Ikerketa askok erakutsi dute aldamiajerik gabeko aurkikuntza-eredua ez dela onuragarria haurrentzat. Ez dago ebidentzia sendorik eredu horren alde. Aldamiajerik gabeko aurkikuntza ez dator bat gizakiok ikasteko dugun moduarekin. Hori ikus daiteke, adibidez, artikulu honetan: Why minimal guidance during instruction does not work (Gidaritzarik gabeko instrukzioak zergatik ez duen funtzionatzen). Aldamiajerik gabeko aurkikuntza ereduak memoria funtzionala aktibatzen du. Epe motzerako memoria da, ez epe luzerako memoriara pasatzera bideratua dagoena, eta ikastea, funtsean, epe motzerako memoriatik epe luzerako memoriara pasatzea da.

Beste arazo potolo bat ere badauka aldamiajerik gabeko aurkikuntza ereduak. Ikertzailearen metafora erabiltzen du aldamiajerik gabeko aurkikuntzaren ereduak. Baina ikertzaileen lanak ez dauka zerikusirik aldamiajerik gabeko aurkikuntzaren ereduarekin. Ikertzaileek aldamiaje oso handia behar dute aurkikuntzak egin ahal izateko. Jasotzen duen laguntzari esker, ikasi duen guztiari esker da gai ikertzailea ikerketak diseinatzeko, datuak biltzeko eta jasotako datuak interpretatzeko.

Bakarka egin ezin ditzakegun gauza asko egiteko modukoak bihurtzen dira besteen laguntza jasotzen dugunean, eta laguntzarekin egin dezakegunak askoz argiago erakusten du zer egiteko gai garen. Horixe da Vygotskyk formulatu zuen Garapen Hurbileko Eremua: bakarrik egin dezakegunaren eta besteen laguntzarekin egin dezakegunaren arteko desberdintasuna. Besteen laguntzarekin, bakarka egingo ez genituzkeen hainbat trebezia praktikatu ditzakegu. Praktikatu ahala, trebatu egingo gara, eta trebezia horiek barneratu egingo ditugu. Lankidetzari esker, gure gaitasunak handitu egingo dira. Hautatzeko aukerak zabaldu egingo dira. Gure askatasuna handitu egingo da.

Aurkikuntzan oinarritutako ereduarekiko alternatiba ez da ikaslea pasibo mantentzen duen eredua. Ez da irakaslea hizlari eta ikaslea entzule jartzen dituen eredua. Transferentzia eredu horren eraginkortasuna mugatua da. Atzitik, ikerketa zientifikoak erakutsi du ikaskuntza dialogikoak funtzionatzen duela ondoen. Ahalik eta interakzio aberatsenetan parte hartzeak egiten ditu haurrak aske.

Egilea: Hakaitz Zubiri