Bada “gerlariaren atsedena” izeneko mito bat, non “mutil gaiztoekiko” emakumezkoen erakarpena bultzatzen edo onartzen den. Emakume batzuek “gerlarien” jokabidea imitatzen dute, Makulinitate Tradizional Dominatzaileak (MTD) dibertitzeko erabiliz, eta, aldiz, Maskulinitate Tradizional Zapalduak (MTZ) “atseden hartzeko” hautatuz. Hau da, noizbehinkako sexu-harremanetarako MTDak nahiago izaten dituzte, eta ezkontza- eta familia-helburuetarako, berriz, MTZk, nahiz eta azken horiekiko erakarpenik eta pasiorik ez sentitu. 

Gerlariaren joera hori zergatik hartzen duten argitu nahian, Ruiz-Eugenio eta kideek emakumeen arteko hizkuntzak eta komunikazio-ekintzek bikote mota bakoitzarekiko sentitzen duten erakarpenean nola eragiten duten ikertu dute. Ikerketa horretarako, metodologia komunikatzailea erabili dute, eta bost pertsona elkarrizketatu dituzte. Hiru emakume eta bi gizon horiek, elkar ezagutzen ez zutenak, beren esperientziak modu independentean kontatu zituzten. 

Ikerketak erakusten du ez dela eraginkorra argudio etikoekin soilik lotuta dagoen hizkuntza erabiltzea, eta desioaren hizkuntzaren erabileraren balioa azpimarratzen digu. Etikaren hizkuntza erabiltzen dugunean, nahiz eta asmoa ona izan, askotan kontrakoa lortzen da.  

Bestetik, gizonezkoek mugak jartzea eta autokonfiantza izatea oso garrantzitsua dela nabarmentzen du ikerketak, eta Maskulinitate Alternatibo Berriei (MAB) ateak irekitzen dizkie. Ezinbestekoa da xantaia emozionalean ez erortzea eta mutilek haien lekuan jartzea. 

Ikerketaren emaitzek ezagutza berriak ematen dituzte komunikazio-ekintzen eta maskulinitateen azterketaren bidez, eta agerian uzten dute hizkuntzaren erabilerek genero-harremanetan moral bikoitza erreproduzitzeko duten garrantzia. Ikerketak argitzen du zein motatako erabilera linguistikoek lagundu dezaketen gudariaren atsedena bezalako praktikak prebenitzeko.

Egilea: Ane Olabarria