Tertulia Dialogikoetan parte-hartzaileek aldez aurretik material bat irakurtzen/bistaratzen dute, eta solasaldian partekatzeko pasarte, paragrafo edo ideia bat aukeratzen dute; ondoren, taldean elkarbanatzen dute. Baina, nola imajinatzen duzue solasaldi bat TED hitzaldiekin?

Dagoeneko badago unibertsitatean esperientzia bat horrelako solasaldiak barne hartzen dituena. TEDtuliak oinarri dituen funtsezko bi elementuen konbinaziotik hartzen du izena: Tertulia Dialogikoa, oinarri teoriko eta zientifikoa ematen duena, eta TED hitzaldiak, saioetan eztabaidatu beharreko edukia osatzen dutenak. Izan ere, TEDtuliak ZTren printzipio dialogiko berberei jarraitzen die, eta, beraz, baita garatzeko prozedura berari ere. TEDtuliaren eta TDren arteko funtsezko desberdintasuna elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko xedea da, eta TEDtulian, zehazki, TED hitzaldiak dira.

Saioen aurretik, ikasleek TED hitzaldien bideoak bistaratzen zituzten etxean, partekatu nahi zuten paragrafoa aukeratzen zuten, eta, ondoren, ikasgelan partekatzen zuten haien ekarpena. Solasaldia amaitutakoan, ikasleek saioan ikasitakoaz hausnartzen zuten eta idatzizko jarduera bat egiten zuten. Saioan zehar irakasleak moderatzailearen rola hartzen du, eta parte-hartzaileen hitz-txandak berdintasunez kudeatzeaz arduratzen da. Moderatzaileak hitz egiteko txanda irekitzen du, parte-hartzaileek ideiak partekatu eta komentatu ditzaten.

TEDtulia horrekin ikasgelan parte hartzeko eta ikasgaiaren edukiei buruz eztabaidatzeko ikasleek dituzten aukerak areagotu dira, egiaztatutako esperientzien eta ebidentzia zientifikoen hedapenean oinarritutako hitzaldiak ikusaraziz eta iruzkinduz. Ideiak, iritziak eta argudioak partekatuz, ikasgelan landutako gaiei zentzua ematen zaie. Horrela, ikasgaiaren edukiak sakontzeko eta hobeto ulertzeko aukerak ematen zaizkie ikasleei, eta, aldi berean, arrazoibidea eta argudiatzeko eta komunikatzeko gaitasuna hobetzen dira.

Egilea: Garazi Álvarez