Eskoletan gero eta argiago ikusten dugu ikasle guztientzako ingurune seguruak sortzeko beharra. Hala ere, planteatzen diren esku-hartze guztiak ez daude ebidentzia zientifikoetan oinarrituta, eta, beraz, ez dute beti egoera hobetzen; are gehiago, batzuek okertu ere egiten dute. Baina berri ona daukagu: gida bat argitaratu berri da ikastetxeetan bizikidetza hobetu nahi duten hezkuntza-komunitate guztiei laguntzeko. Ebidentzia zientifikoa ikasgelara eramatea da helburua, testuinguru guztietan bizikidetza hobetzeko, egoera oso konplexuak bizi direnetan barne, ikasle guztientzako ingurune seguru eta osasungarriak lortzeko.

  • Hezkuntzako profesionalei eta, oro har, hezkuntza-komunitateei (ikasleak, familiak eta beste hezkuntza-eragile batzuk) zuzenduta dago, bizikidetza hobetzen lagunduko dieten elementu teorikoak eta praktikoak emateko, eta, aldi berean, emaitza akademiko arrakastatsuak lortzeko. 
  • 25 urte baino gehiagotan zehar jasotako ebidentzia zientifikoan oinarritzen da, munduko 14 herrialdetako eskola anitzetan Ikaskuntza Dialogikoa garatu eta ezarri zenetik. Horietako batzuk Ikaskuntza Komunitateak dira, eta beste batzuk, berriz, Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak. Eskola horiek irakasle orok bere ikasleentzat nahi dituen hobekuntzak frogatu dituzte.

Gidaren premisa honako hau da: elkarbizitza positiboa, errespetua eta elkartasuna bezalako balioetan oinarritutako ikastetxeetan, burla, diskriminazio, jazarpen, indarkeria edo edozein motatako tratu txarreko egoerak onartzen ez diren eta nahi ez diren ikastetxeetan eta bizikidetza ikaskuntzatik bereizten ez den ikastetxeetan bakarrik izango da posible ingurune seguruak sortzea. Ingurune horietan, ikasleek konfiantza eta babesa sentitzen dituzte, akademikoki aurrera egiteko eta garapen osasungarria izateko, bai maila kognitiboan, bai emozionalean eta sozialean. Eta hori komunitate osoari dagokion zeregina da.

Alderdi teorikoan honako hauek sartzen dira: pertsonek elkar ulertzeko, ikasteko eta ezagutza berria sortzeko elkarrekintza eta elkarrizketa nola erabiltzen dugun azaltzen lagundu duten ekarpen teoriko nagusiak; Ikaskuntza Dialogikoaren teoria; Ikas Komunitateak, eta nola ari diren laguntzen hezkuntza-inklusioan, eskola-arrakastan eta bizikidetzan; Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak; Gatazkak Prebenitzeko eta Konpontzeko Eredu Dialogikoa da hezkuntza-jarduera arrakastatsu horietako bat.

Alde praktikoan, oso modu argigarrian deskribatzen da eredu horren aplikazioa, arrakastaz ezartzen ari diren eskoletako adibide zehatzekin eta haren aplikazioaren emaitzekin.

Gida ikertzaileen eta komunitateen (irakasleak, ikasleak, senideak, etab.) arteko berdintasunezko elkarrizketatik sortu da. Aldi berean, gida hori, ikastetxe bakoitzean, irakasleekin eta familiekin, tertuliak eginez, komunitate bakoitzean birsortzeko eta praktikara eramateko, eraldaketarako tresna handia bihur daiteke.

Egilea: MªLuisa Jaussi