Aurretik egin diren zenbait ikerketek erakutsi zuten ipuin dramatizatua eta partekatua eraginkorra izan zitekeela atzerriko hizkuntza ikasteko, eta, ildo horretan, argitaratu berria den artikulu batek ebidentzia berriak gehitu dizkio ikerketa lerro horri. Australiako Queensland eta Southern Cross unibertsitateetako ikertzaileek argitaratu dute honako artikulua: “How storytelling can work as a pedagogy to facilitate children’s English as a foreign language learning” (Nola ipuin kontaketak ekarpena egin diezaiokeen jarduera pedagogiko bezala umeek atzerriko hizkuntza ikastea errazteko).

Ipuina kontatzeko formatu honetan, narratzaileak atzerriko hizkuntzan kontatzen du ipuina,  nagusiki libururik gabe, eta pertsonaien rolak hartzen ditu, istorioari lotutako keinuak egiten ditu, ahotsa aldatu egiten du pertsonaiaren eta adierazten duen emozioaren arabera, eta, hori guztia egiten duen bitartean, irakaslek ikasleen inplikazioa bilatzen du ipuina kontatzerakoan, ikasleek ere ipuinaren kontaketan parte hartu dezaten. Nguyen eta Phillips-ek ikerketa honetan azaltzen dutenaren arabera, ipuina ona denean, ondo kontatua dagoenean, eta ikasleen inplikazioa eraginkortasunez bilatzen denean, ikasleek hizkuntza biziduna esperimentatzen dute, ikasleak murgildu egiten dira hizkuntza helburu komunikatiboekin erabiltzen den testuinguru batean, eta, horrela, ipuin kontaketa dramatizatua eta partekatua baliagarria da ikasleek atzerriko hizkuntza ikas dezaten. Aztertu zituzten taldeetan, ipuin kontaketarekin batera, ipuinetako edukiak eta hizkuntza ardatz zituzten hainbat ataza ere egin zituzten. 

Ikertzaileen arabera, ipuin kontaketan egiten den aldamiaje-lana funtsezkoa da (hizkuntzazko nahiz ez-hizkuntzazko aldamiajea), eta horiek guztiek elkarri lagundu egiten diote: ipuinean erabiltzen den hizkuntza, errepikatzen diren esaldiak, hizkuntza-adierazpenak eta hitzak, partehartzea sustatzen duten esaldi bukatu gabeak, irakaslearen nahiz ikasleen keinuak, txotxongiloak, posterrak, eta flashcardak, besteak beste.

Ipuin kontaketa oso motibagarria sortatu zen irakasleentzat nahi ikasleentzat, ikertzaileen arabera. Are gehiago, ipuin kontaketan gehien murgildu ziren ikasleak izan ziren hizkuntza baliabideak ondoen ikasi zituztenak. Ikertzaileek diotenez, horrek berretsi egiten du hizkuntza ikastea ez dela erronka kognitiboa bakarrik, erronka emozionala ere badela.

Haurrak atzerriko hizkuntza ikasten hasten direnean, lehenengo urteetan oso baliagarria izan daitekeen aukera bat daukagu eskura.

Egilea: Harkaitz Zubiri