Familien pertzepzioek zein eskolarekiko eta irakasleekiko elkarreraginek funtsezko zeregina izan dezakete ikasleen hezkuntza-emaitzetan. 

Hain zuzen ere, Bronfenbrennerr-en sistema ekologikoen teoriaren arabera, gazteak habia anitzeko sistemen barruan hazten dira. Hori horrela, haien garapenean maila guztietako pertsona, prozesu zein instituzioek eragiten dute, familiatik hasita, eskola nahiz gizarteraino. 

Gauzak horrela, Educational Review aldizkari zientifikoan argitaratutako School–family relationships, school satisfaction and the academic achievement of young people artikuluak familia eta eskolaren arteko harremana du ikergai. Ikerketa horrek eskola-familia harremanak, gurasoen eskolarekiko gogobetetasuna eta hezkuntza-lorpenarekin duten lotura aztertu ditu. 

Ikerlana egiteko, Gillian Hampden-Thompson eta Claudia Galindo ikertzaileek Ingalaterrako 10.000 ikasletik gorako datuak oinarri hartu zituzten. Aldagai anitzeko analisiaren emaitzek adierazten zuten eskola-familia harreman positiboak lorpen-iragarle bat direla, baina hori gurasoen gogobetetasun-mailak baldintzatzen duela. 

Arestian aipatutakoa aintzat hartuta, ikertzaileek ondorioztatu dute eskola-familia harreman sendoen eta eskola-asebetetze maila altuen konbinazioak ikasleen arrakasta akademikoari bultzada ematen diola. Hori dela eta, familiekiko harremanak indartzen dituzten eta gurasoen gogobetetasun-maila hobetzen duten eskola-politikak eta -praktikak onuragarriak dira ikasle guztientzat.

Egilea: Ane Olmedillo