Egun, inork ez du hezkuntzak eduki behar duen izaera inklusiboa zalantzan jartzen. Nazioartean onartuta dago ikasle guztiek hezkuntzarako sarbidea ziurtatzen duen eta kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubidea bermatzen duen hezkuntza-sistemaren aldarria (Nazio Batuak, 2021). Hain zuzen ere, guztientzako hezkuntza inklusiboa nahiz kalitatezkoa eskaintzeak Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako helburuak lortzen laguntzen du. Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Agendan jasotako Garapen Jasangarrirako laugarren Helburuak azpimarratzen du beharrezkoa bezain ezinbestekoa dela kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta bidezkoa bermatzea zein guztientzako etengabeko ikaskuntzarako aukerak sustatzea. Beraz, hezkuntza inklusiboak ikaskuntza sustatzea eta ikasleen garapen kognitiboari mesede egitea du xede (Ugalde, et al., 2021)

Hezkuntza inklusiboa eskubide unibertsala da ikasle guztientzat. Hala eta guztiz ere, oraindik bizirauten dute hezkuntza-ekintza baztertzaileek. Izan ere, hainbat hezkuntza-ekintzak baztertuz jarraitzen dute ikastetxeetan eta hezkuntza bereziko ikasgeletan: gela arruntetatik bereizitako laguntzak nahiz ikasle ahulenen itxaropenak eta ikasteko aukerak murrizten dituzten banakako ikaskuntza-planak. Horiek gainerako ikasleei askotariko elkarrekintzetarako aukerak biderkatzen dituzten hezkuntza-testuinguru pluralagoetan eta kalitate handiagokoetan ikastearen onurak kentzen dizkiete. 

Hori horrela, ikerkuntza ezinbestekoa da desgaitasunen bat duten haurrek ikasteko aukera aberatsez eta haienganako itxaropen handiko hezkuntza-aurrerapenaz baliatzeko aukera izan dezaten. 

Gizarte-eraldaketa eta -hobekuntzaren ildo horretan, Qualitative Inquiry aldizkari zientifikoak Silvia Molina ikertzaileak egindako Alba, a Girl Who Successfully Overcomes Barriers of Intellectual Disability Through Dialogic Literary Gatherings azterlana argitaratu du. 

Artikulu horrek Alba izena duen 11 urteko ikasle baten biografia aztertzen du, gizarte-testuinguru behartsuan bizi dena eta adimen-desgaitasuna duena. Albaren biografiak, bai haren irakasleari bai neskari egindako bi elkarrizketekin osatua, Hezkuntza Jarduera Arrakastatsua (HJA) diren Tertulia Literario Dialogikoetan (TLD) izandako esperientziari buruzko ezagutza zientifiko intersubjektibo bat sortzea ahalbidetu du. Izan ere, TLDen potentzial eraldatzaileari buruzko ezagutza sortu du desgaitasunen bat duten ikasleentzat. 

Gauzak horrela, hauek izan ziren, besteak beste, TLDen dimentsio eraldatzaileari buruzko ikerketaren ondorioak: TLDek Albaren irakurtzeko nahia zein irakurtzen ikasteko motibazioa areagotu zuten, eta, horrekin batera, irakasleek eta ikaskideek laguntza helarazi zioten hori gauzatzeko. Ahalegin partekatu horri esker, honako bi une hauek erabakigarriak izan ziren: lehena, Albak irakurtzen ikasi zuenekoa, eta, bigarrena, ikaslea TLDetan eztabaida sakonak sortzen zituzten elkarrizketetan parte-hartzen hasi zenekoa. Gainera, Alba eraldaketa-subjektu bihurtu zen, eta, adimen-urritasuna zuen ikasle gisa, ikasteko zailtasunak zituzten beste ikasle batzuei transferitu ahal izan zizkien TLDetan parte-hartzetik lortutako onurak. 

Azkenik esan behar da ikerketaren ekarpenek desgaitasuna duten pertsonen aldarrikapenak babesten dituztela. Halaber, Albaren hezkuntza-emaitzen hobekuntzak ikusarazten duenez, TLDek desgaitasunen bat duten ikasleen garapena babesten dute, hezkuntza-segregazioa eta hezkuntza-itxaropen txikiak saihestuz eta talde barruan ikaskuntza zein gizarte-kohesioa hobetuz.

Egilea: Ane Olmedillo