Legebiltzarretan onartzen diren legeek eragin handia izaten dute jendearen bizitzetan. Egiten den legearen arabera, eragina mesedegarria edo kaltegarria izan daiteke. Beraz, helburuak ondo zehaztea oso garrantzitsua da, eta hori bezain garrantzitsua da helburu horiek lortzeko zer bide aukeratzen diren. Gerta daiteke helburuak aproposak izatea baina bideek beste norantza batean eramatea.

Erabakiak hartzeko orduan, prozedurak sekulako eragina dauka. Nork, nola eta zer erreferentziekin egiten duen funtsezkoa da. Hori kontuan hartuta, politika publikoak erabakitzeko eredu bikain bat izan dute aztergai Dialogic Public Policy. A Successful Case (Politika Publiko Dialogikoa. Kasu Arrakastatsu bat) izenburua duen artikuluan. Maila goreneko aldizkari zientifiko batean argitaratu da artikulua. Katalunian Ijito Herriaren Politika Integralaren Legea nola egin zuten aztertzen dute. Lege honen abiapuntua Workalo ikerketa proiektua izan zen. Europako Parlamentuak onartu egin zituen ikerketaren emaitzak, eta, segidan, politikarien, zientzialarien eta hiritarren arteko elkarrizketa prozesu baten ondoren, Europako Batzordeak estrategia bat onartu zuen ijito herriarentzat. Testuinguru horretan, Kataluniako Parlamenta aitzindaria izan zen: ijito herriaren nortasuna eta balioa aitortu zituen, eta, aldi berean, Kataluniako Gobernuari ijito herriari buruzko lege bat eskatu zion. Orduan, erabakitze prozesu dialogiko bati ekin zioten, Politika Publiko Dialogikoa oinarri zuena.

Politika Publiko Dialogikoak oinarri bikoitza dauka:

Batetik, inpaktu sozialaren ebidentzia zientifikoak hartzen ditu erreferentzia bezala; hau da, emaitza onenak lortzen dituzten eskuhartzeak dira erreferentzia. Emaitzak zientifikoki balidatuta egoteko, aldizkari zientifiko puntakoenetan balidatuta egon behar dira. Erabakiak hartuko dituztenen erreferentzia emaitza onenak direnean, eztabaida ez da abiatzen norberaren interesetatik, emaitza onenen erreferentziatik baizik. Berme zientifikoa ez duten eskuhartzeak eta emaitzarik onenak lortzen ez dituztenak kanpo uzten dira.

Bestetik, berdintasunean oinarritutako elkarrizketa egiten da hautetsien (erabakiak hartuko dituztenak), herritarren (politika horien eragina biziko duten pertsonak) eta zientzialarien (gai horri buruz maila zientifikoan ikertu dutenak) artean. Elkarrizketaren ardatza argumentuen indarra da, ez hizlari bakoitzak duen boterea, eta emaitza onenak dira beti erreferentzia. Politiken eragina biziko duten herritarren partehartzea funtsezkoa da. Ohikoa da norbaiten izenean eta, aldi berean, hari hitzik eman gabe erabakitzea, baina horrek oso arazo larriak sor ditzake, eta herritarren partaidetzak arrisku horiek minimizatu egiten dituzte. Esate baterako, ijito herriari buruz erabaki politikoak hartzeko ezinbestekoa da ijitoen partaidetza ahalik eta zabalena bermatzea. Era berean, puntako zientzialarien partaidetzak ikerketaren ekarpenak eraginkortasun handiagoz hartzeko aukera ematen du.

Hezkuntzaren arlorako ere balio du erabakiak hartzeko eredu honek. Aukeran dauzkagun politika publiko onenak identifikatzeko eta indarrean jartzeko aukera ezin hobea da.

Egilea: Harkaitz Zubiri