Arrazoitze zientifikoa da XXI. mendeko gaitasun garrantzitsuenetako bat. Oro har, jakintza bilatzeko eta ulertzeko gaitasuna da arrazoitze zientifikoa, eta horren barnean oinarrizko abileziak daude, hala nola datuak interpretatzeko eta horiei zentzua emateko gaitasuna, esperimentatzeko abilezia, eta zientziaren nortasuna ulertzekoa. Antza, Lehen Hezkuntza amaitzean, ikasleek aldez aurretik diseinatutako esperimentuak nahiago dituzte, bat-batean gertatu daitezkeen gertaerak behatzea baino. Baina Haur Hezkuntza amaitzean, 6 urterekin, umeak kausalitatezko inferentziak formulatzeko gai dira; arrazoitze zientifikoaren oinarrian dagoen gaitasuna da hori. Beraz, urteetan lantzen eta elikatzen den gaitasuna da arrazoitze zientifikoa, eta, orain arte, horrek besteak ulertzeko gaitasunarekin duen lotura ez da ikertu.
Aurreko ikerketek diotenez, arrazoitze zientifikoak besteen nahiak eta gurak ulertzeko gaitasunarekin du lotura (ingelesez, Theory of Mind), eta hori da ikasteko eta garapen osasuntsurako oinarrizko gaitasuna. Alemaniako 161 ikasleri egin zieten jarraipena 6 urtez Christopher Osterhaus eta Susanne Koerber ikertzaileek, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzako bigarren ziklora arte (haurrek 6 urte zituztenetik 10 urte bete zituzten arte).
Urtetik urtera umeekin elkarrizketak eta behaketak egin ondoren, ikertzaileek ondorioztatu zuten gaitasun kognitibo orokorrak (hizkuntza, inhibitzeko gaitasuna eta adimena) eta gurasoen hezkuntza-maila partzialki erlazionatuta daudela arrazoitze zientifikoarekin, baina ez garapenarekin. Emaitza horiek arrazoitze zientifikoa nerabezaroan sortzen delako ideia gainditzen dute; izan ere, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara gaitasun horren haziak daudela agerian uzten dute.
Egilea: Andrea Khalfaoui