Fikziozko telesailek, literatura zientifikoaren arabera, gazteen harremanen sozializazioan eragina dute. Ebidentziak dio telesaioetan gizonezko pertsonaiek normalean indarkeriari lotuta dauden pertsonaiak interpretatzen dituztela. Emakumezko pertsonaiak, aldiz, sexualki esplizituak diren eszenetan agertu ohi dira. Telesail horiek ikusleei emozioak sorrarazi eta horien balioetan eta portaeretan eragin dezakete. Halaber, gazteek kontsumitzen dutenaren eta haien jarrera eta suposizio sexualen artean korrelazioa dagoela frogatu da. Telesail horiek harreman afektibo-sexualak indarkeriarekin lotzen dituzte, eta ikusleek indarkeria normalizatzea eta toleratzea eragin dezakete. Horrek eragin negatiboa dauka osasun mentalean eta fisikoan.

Beatriz Villarejo-Carballido eta kideek egindako ikerketak ebidentzia zientifikoan oinarritutako interakzio dialogikoak aztertzen ditu, mota horretako harremanak gainditzen laguntzen duten harreman toxikoekin erlazionatzen direnak. Horretarako, metodologia komunikatiboa aplikatu dute. Ikerkuntza Sex Education telesailaren inguruan egin dute, parte-hartzaileekin eztabaida-taldeak eginez.

Lehenik eta behin, ikerketa-taldeak telesaileko lehen zortzi kapituluen eduki komunikatiboaren azterketa egin eta horiek sailkatu zituen. Horiek aztertzeko, fikziozko seriearen hiru denboraldiak (24 kapitulu) ikusi zituen aurretik, telesailean agertzen diren harreman afektibo-sexualak ezagutzeko. Harreman afektibo-sexualak identifikatu ondoren, maskulinitate tradizionalaren ezaugarriak betetzen dituzten pertsonaia maskulinoak aztertu ziren, hau da, kalte edo sufrimendu fisikoa, mentala edo sexuala eragiten dutenak, ekintza horiek egiteko mehatxuak egiten dituztenak, derrigortu egiten dutenak eta harreman afektibo-sexuala duen pertsonari askatasuna kentzeko beste modu batzuk erabiltzen dituztenak.

Ondoren, 16 eta 24 urte bitarteko bi neska eta bi mutil hautatu zituzten, online plataforman serieak kontsumitzen dituztenak, eta horiekin lau komunikazio-elkarrizketa egin zituzten. Elkarrizketa horietan, ikertzaile batek literatura zientifikotik eta azterlan horretako edukiaren azterketatik lortutako emaitzak eztabaidatu zituen gazteekin. Informazio horretatik abiatuta, elkarrizketatuek bi bideo ikusi zituzten telesailaren lehen denboraldiko eszenekin.

Elkarrizketatuetako bik esan zuten telesaila ikusi zuten lehen aldian gustatu egin zitzaiela, batez ere tabuak diren gai sexualei buruz hitz egiten zutelako. Aldiz, informazio zientifikoa ezagutu ondoren, harreman toxikoez eta horiek osasunean dituzten ondorioez gehiago jabetu ziren. Telesaileko zati batzuk ikustean, elkarrizketatutako lau gazteek aktorearen maskulinotasun tradizional dominatzailea (MTD) detektatu zuten, baita horrelako mutil batekin harremanak izateak osasunean dituen ondorioak identifikatu ere. Aldi berean, elkarrizketatutako gazteek aipatu zuten telesail mota horiek ikusteak harremanetan indarkeria gehiago sozializa dezakeela. Horregatik, gai horiei buruz hitz egitea garrantzitsua dela nabarmendu zuten, betiere ebidentzia zientifikoetan oinarrituta dauden ezagutzak elkarbanatuz.  

Ebidentziek diote harremanen eta osasunaren inguruko elkarreragin dialogikoek gazteek MTDak identifikatzea errazten dutela, baita harreman toxikoak ere, eta harremanetako indarkeria gainditzen laguntzen dutela. Hori horrela izanik, gomendagarria da maitasunaren eta osasunaren inguruko gazteen eta zientziaren arteko elkarreragin dialogiko horiek ikastetxeetan sustatzea.

Egilea: Ane Olabarria