Herritarrak gizarte demokratikoetan barne hartzea, neurri handi batean, ezagutza zientifikoa ulertzeko nahiz hori eguneroko bizitzako egoerak hobetzeko aplikatu ahal izateko gaitasunaren mende dago. Beraz, txikitatik alfabetatze zientifikoa sustatzea gizarte demokratikoen lehentasun nagusien artean egon beharko litzateke. Tertulia Zientifiko Literarioek (Dialogic Scientific Gatherings) arrakastaz sustatu dute helduen artean alfabetatze zientifikoa. 

Hori horrela, Dialogic Scientific Gatherings: The promotion of scientific literacy among children ikerketa, SAGE Open aldizkarian argitaratua, alfabetatze zientifikoa txikitatik sustatzeaz arduratzen da, zehazki, Tertulia Zientifiko Dialogikoak (TZD) ezartzearen bidez.  

Ikerketa 2012. urtean ikas komunitate bihurtu zen eta kulturalki anitza zen eskola baten kasu-azterketan oinarritzen da. Azterlana egiteko, ikertzaileek metodologia komunikatiboa izan zuten ardatz, eta TZDko sei saioren bidez esku hartu zuten. Saio horiek baino lehen, aurretiazko prestakuntza-saioak egin ziren. Horietan, haurrek modu independentean hautatutako artikulu zientifikoa irakurtzen zuten, eta ondoren taldearekin partekatu nahi zituzten kontzeptuei buruzko informazioa bilatzen zuten. 

Ikerlan horrek agerian ipintzen du kulturalki anitza den eskola bateko haurrek nola irakurtzen dituzten testu zientifikoak TZDen bidez, horien argumentua ahoz landuz zein, berdinen arteko elkarrizketan oinarriturik, maila handiko eztabaidak partekatuz. 

Emaitzek adierazten dutenez, TZDak ezartzeak alfabetatze zientifikoa hobetzen du. Zehazki, honako dimentsio hauetan: ikaskuntza instrumentalean, pentsamendu analitiko zein kritikoan eta gizarte-trebetasunean. Gainera, esku-hartze horrek eragina du erabakiak hartzerakoan nahiz gizartean parte-hartzean. 

Egilea: Ane Olmedillo Berasategi