Nola bizi dute akademikoki arrakasta lortzen ez duten ikasleek beren bizitza soziala eskolan? Zer-nolako lotura du arrakasta akademikoak lagunak egin eta mantentzearen gaitasunarekin? Galdera horri heldu diote Erresuma Batuko Eleanore Hargreaves, Denise Buchanan eta Laura Quick ikertzaileek.
Azken urteetan, hainbat herrialdetan bezala, Erresuma Batuko hezkuntza-curriculumak arrakasta akademikoari erreparatzen dio gehienbat, ongizate emozionalari ia lekurik utzi gabe. Ikertzaileek eta hezkuntzarekin lotura duten profesionalek gauza biei aldi berean erreparatu behar zaiela aldarrikatu dute. Izan ere, jakina dugu ongizate emozionala (eta horren adibide argia lagunak izatea da) eta arrakasta akademikoa elkarri lotuta daudela, eta gauza biak aldi berean sustatzen dituzten hezkuntza-jarduerak proposatzearen urgentzia ere azpimarratzen dute ikertzaileek.
Hala ere, aurten argitaratu den artikulu zientifikoa da gai hori ikasleen ikuspegitik ikertzen den lehenengoa: Hargreaves eta kideek 6 ikasturtean zehar lehen hezkuntzako klaseetan behaketak egin dituzte, arreta berezia 23 ikaslerengan jarriz. Konkretuki, ikasleengan honako gai hauek behatu zituzten: berdinen arteko harremanak eta nortasun-zentzua, eskolan ikasten dutelako sentsazioa, eta, oro har, ikasleen jarrera hezkuntza eta eskolarekiko.
Gauzak horrela, ikerketak ondorioztatu zuen lehenengo gauza izan zen, askotan, arrakasta akademikoa lortzen ez zuten ikasleen artean, lagunak zirela eskolara joateko motibazio bakarra. Hala ere, nota txarrak ateratzearen ondorioz, ikerketan parte hartu zuten ikasle gehienek zioten eskola-mailan beste kideek zeukaten haienganako iritzia txarra zela. Horren harira, ikasle batzuek bullying kasuak ere aipatzen dituzte, bai eta askotan bakarrik sentitzearen sentsazioa ere, eta horrek ikasleengan sortzen duen estresa altua dela diote ikertzaileek.
Hartara, eskola-mailan arrakasta akademikoa eta ongizate soziala aldi berean bermatzen dituzten hezkuntza-jarduerak martxan jartzearen beharra azpimarratzen dute 6 ikasturtean zehar jaso diren datu horiek.
Egilea: Kaiera