Literatura zientifikoan agertu ohi den bezala, musika-hezkuntzaren helburu onartuetako bat da ikasleei musika-estiloak erakustea, herri-kulturan duten parte-hartzearen bidez entzuten ez dituztenak. Ikerketaren arabera, oro har, musika mota jakin baten eraginpean egoteak eta prestakuntzak zenbait musika-estilo gustatzea eragiten du. Haurtzaroan musika klasikoa luzaroan entzun edo ikasi izanak musika-genero hori etorkizunean estimatzea dakar maiz. Hala ere, oraindik ez dakigu epe laburragoan musika klasikoa erakusteak eraginik izan ote dezakeen musikari ez direnen zaletasunetan. Izan ere, eskoletan musika mota batzuk erakusteko modu batzuek jarrera txarrak ere sor ditzakete estilo horiekiko.
Testuinguru horretan, Woody eta Burns-ek ikertu zuten zer esperientziak edota erantzun emozionalek eragiten duten gehien musika entzutean. Horretarako, 533 unibertsitate-ikaslek (ez-musikariak) parte hartu zuten ikerketan. Lehenik, galdetegi bat bete zuten, beren musika-zaletasunei eta musika entzutean izandako erantzun emozionalei buruzkoa, besteak beste. Ondoren, musika klasikoko lau pieza entzun zituzten (Beethoven, Mozart, Tchaikovsky eta Vivaldirenak). Entzungai horiei buruzko beste lau galderari erantzun zioten, emozioen inguruan gehienbat.
Emaitzen artean, ikusi zen musika klasikoa iraganean ezagutzea ez dagoela musika horrekiko zaletasunarekin zuzenean lotuta. Izan ere, ikertzaileen arabera, baliteke gazte gisa musika klasikoan parte-hartze handia izateak heldu gisa estiloaren estimazioan eragitea.
Laburbilduz, ikerketa horren emaitzen arabera, musika klasikoarekin esperientzia emozionala izan duten heldu gazteak sentikorragoak dira musika klasikoaren adierazpen-ezaugarriekiko, eta prest daude musika-estilo hori beren aisialdian entzuteko. Ikertzaileen hitzetan, emaitza horiek adierazten dute pertsona askok ez dutela musika klasikoa balioesten ez dutelako horrekin emozio-esperientziarik izan. Zentzu horretan, Solasaldi Dialogiko Musikaletan, ume txikiak edota pertsona helduak esperientzia emozionalak izaten ari dira munduko musika obra nagusien inguruan, berdintasunezko interakzioen bidez.