Mutil askok jarrera delitugilea nerabezaroan hasi ohi dute, bigarren hezkuntza hasi baino lehen edo hori hasi bezain pronto. Hala ere, atxiloketa nagusiagoak direnean gertatu ohi da, eta ez da hain ohikoa. Gainera, jarrera delitugileak geroago ikasketak amaitzea eta unibertsitatean sartzea asko zailtzen du. 

Hori sakon aztertu dute Ward eta kideek. Estatu Batuetako National Longitudinal Survey of Youth 1997 azterketatik hartutako datuekin egin dute ikerketa, 12 eta 18 urteko 8.984 gizon gazteri egindako inkesta eta elkarrizketetatik. 

Datuak aztertu ondoren, ikertzaileek ikusi dute nerabezaroan jarrera delitugilea izateak eta atxilotua izateak eskola-uzte goiztiarra ekarri ohi duela. Bereziki, lehen aldiz atxilotua izateak eragin handia du pertsona batek eskola uzteko probabilitatean. Gainera, eskola behar baino lehen uzteak lehen aldiz atxilotzeko probabilitatea handitzen du, baina 19 urte bete baino lehen gertatzen bada soilik, eta ondorioak handiagoak dira eskola lehenago uzten denean. Hala, eskolatik irten aurretik atxilotzea saihesten duen gaizkile-talde handi bat dagoela erakutsi zuten ikertzaileek, baina atxilotuen taldearena bezain txikia da haien ikasketa-maila. Esan beharra dago ez dela aurkitu ikasketak goiz uzteak delinkuentzian hastera garamatzan frogarik.

Egilea: Ane López de Aguileta