Bigarren hizkuntza ikastearekiko jarrerak lotura nabarmena du bigarren hizkuntzaren ikaskuntzarekin. Jarrera positiboa dutenek gehiago ikasi ohi dute. Gelako giroak bereziki baldintzatzen du hori guztia. Ikasgelako hezkuntza-jarduerek eragin handia dute horretan, onerako nahiz txarrerako, egiten denaren arabera. Beraz, jarrera positiboa sustatzen duten hezkuntza-jarduerak identifikatzea lehentasunezkoa da. Erronka horri erantzuten dio Maite Santiago Garabieta, Rocío García Carrión eta Lourdes Villardón Gallego ikertzaileek argitaratu duten artikuluak: Strengthening Ties to L2: Improving Secondary Students’ Attitudes through Dialogic Literary Gatherings (Bigarren hizkuntzarekiko atxikimendua indartzen: Bigarren Hezkuntzako ikasleen jarrerak hobetzen Solasaldi Literario Dialogikoen bitartez). Aztergai izan dute euskaraz Bigarren Hezkuntzan egiten diren Solasaldi Literario Dialogikoek zer eragin duten bigarren hizkuntza (kasu honetan, euskara) ikastearekiko jarreran.
Irakasleek monopolizatutako saioak gainditzeko aukera ematen dute Solasaldi Literario Dialogikoek. Ingurune inklusiboak eta interaktiboak sorrarazten dituzte, aurretik egin diren hamaika ikerketak erakutsi dutenez. Horrez gain, ikerketak erakutsi du Solasaldi Literario Dialogikoek ahalbidetu egiten dutela ahozkotasuna fundamentuz lantzea, hizkuntzak ikastea eta irakurtzeko ahalmena bultzatzea, besteak beste. Are gehiago, aurreko ikerketek frogatu dute Solasaldi Literario Dialogikoek hobetu egiten dutela ikastearekiko jarrera.
Maite Santiago eta kideen ikerketak garbi erakusten du Solasaldi Literario Dialogikoetan parte hartzeak lotura duela euskara ikastearekiko jarrera hobetzearekin. Nabarmentzeko modukoa zein desberdina den ikasleek sentitzen dutena ohiko eskola-saioetan eta Solasaldi Literario Dialogikoetan. Elkarrizketatutako ikasleek adierazi zuten ohiko eskola-saioetan ez dutela euskara erabiltzeko aukera handirik. Nahiz eta instrukzio-hizkuntza euskara izan, euskaraz komunikatzeko aukerak urriak izan ohi dira ikasgelan, ikasle horiek diotenez. Gainera, elkarrizketatutako ikasleek sentitzen dute ez dutela gaitasun nahikorik nahi dutena esan ahal izateko. Ohitura-faltak zaildu egiten du egoera, ikasleek diotenez. Euskararekiko erresistentziak ere identifikatu ditu ikerketak.
Solasaldi Literario Dialogikoek aldaketa nabarmenak sustatu zituzten ikasle horiengan. Irakurritako liburuei buruzko elkarrizketetan parte hartzen hasi ahala, ikasleek sentitu zuten hitz egiteko gai zirela, sentimenduak eta pentsamenduak adierazteko gaitasuna zutela, eta, hitz egiten zutenean, lehen baino hobeto egiten zutela. Beren buruarengan konfiantza handitu zuten horrela. Euskaraz hitz egiteko beldurrak uxatzen hasi ahal izan ziren, baita solasaldietatik kanpo ere, beste zenbait irakasgaitan eta hainbat kasutan, baita ikasgelatik kanpo ere.
Interakzioaren bitartez ikasteko espazio dialogiko paregabeak dira Solasaldi Literario Dialogikoak. Norberetik hitz eginez parte hartzeko aukera ematen dute, elkarrizketa berdinzalea ardatz den testuinguruan. Hori guztia euskaraz egiten denean, hobetu egiten da euskara ikastearekiko jarrera. Solasaldi Literario Dialogikoek testuingurua eraldatzea nabarmen sustatzen dute. Ez da nolanahikoa ikerketa horren ekarpena.
Egilea: Harkaitz Zubiri