James Bond filmek eragin handia izan dute gure gizartean, 1962an atera zirenetik gaur egun arte. Film horiei buruzko hainbat ikerketa egin dira. Azterlan gehienek erakutsi dute Bonden pertsonaiak emakumeak mespretxatzen dituen maskulinitate-eredu bat duela, eta haien aurkako indarkeria eta sexua lotuta daudela film gehienetan. Hau da, sexualitatearen eta indarkeriazko jarreren arteko harremana dago. Hala ere, ikerketek agerian utzi dute pertsonaia hori gero eta sentikorragoa eta ez hain sexista bihurtzen ari dela. Baina zer eragin du horrek ikusleengan? Pertsonaiak sex-appeal bera mantentzen al du aldaketa horren ondoren haien ustez?

Duque eta kideek egindako ikerketak Bonden erakargarritasunaz pertsonek duten pertzepzioa aztertu du sagako azken filmean (No time to die). Horretarako, metodologia kualitatiboaz baliatuz, datuak hainbat iturritatik atera dituzte: aldizkarietako aipamenak, FilmAffinity-ko erabiltzaileen iruzkinak eta sei elkarrizketa sakon. 

Aldizkariei dagokienez, gehienetan balorazio positiboa egin zuten azken filmari buruz. Hala ere, pertsonaiaren aldaketari buruzko kritikak ere ikusi ziren, politikoki zuzena izan nahi zuela eta Bonden esentzia hausten zuela esanez. Batzuetan, aspergarria eta txepela zela esan zuten. 

FilmAffinity-ko erabiltzaileen kasuan, James Bonden aldaketari buruzko iruzkin esplizituagoak aurkitu ziren. Adibidez, “politikalki zuzenagoa” izatea negatibotzat hartzen zen, eta pertsonaia suntsitu zutela. Amodiozko ezenak ere kritikatu ziren, Bonden izaerarekin bat ez zetozela argudiatuz. Izan ere, Bond pertsona hotza, misoginoa, umore txarrekoa, emakumeen konkistatzailea eta dominatzailea izan ohi zela esan zuten. 

Elkarrizketetan ere argi geratu zen parte-hartzaile guztiek ikusi zutela azken pelikularen aldaketa. Hala ere, askok positibotzat jotzen zuten aldaketa hori. Gainera, ez zuten lehengo pertsonaia tipikoa batere erakargarri ikusten, baina bai oraingo Bond aldatua.

Ikertzaileek diotenez, Bonden jarrera etikoagoa bihurtu zen azken filmean data iturri guztien arabera. Hala ere, ezin da esan etikotasun hori erakargarritasunarekin bat joan zela. Izan ere, ikerkuntza zinetifikoak jada erakutsi du gaur egungo gizartean indarkeriaren eta erakargarritasunaren artean dagoen lotura. 

Egilea: Ane López de Aguileta