Irakurtzen ikasten laguntzea da ume bati egin dakiokeen oparirik handienetako bat. Zorionez, ikerketa zientifikoak jadanik funtsezko hainbat gako identifikatu ditu hori eraginkortasunez egin ahal izateko. Zer ikasi argitzen digute, baina, gainera, hori fundamentuz ikas dezaten zer egin dezakegun ere erakusten digute inpaktu sozialaren ebidentzia zientifikoek.
Urte luzez, eztabaida publiko handia sortu zen irakurtzen irakasteari buruz. Kontrajarritako hainbat proposamen zeuden. Egoera horren aurrean, AEBetako gobernuak panel nazional bat osatu zuen, ikerketa zientifikoak zer esaten zuen jaso zezan eta jendeari jakinarazi ziezaion. Artikulu honetan irakur daiteke horri buruz. Panel horrek, landu beharreko bost eremu zehaztu zituen. Batetik, hitzak dekodetzeko ezinbestean landu behar diren bi arlo: ingelesez phonics deitzen dena (printzipio alfabetikoa ikasteko, zer letra zer fonemekin lotzen diren banaka ikasteko) eta kontzientzia fonemikoa (fonemen soinuak identifikatzen, batzen eta banatzen ikastea). Zenbaitek baztertu egiten zuten printzipio alfabetikoa eta kontzientzia fonemikoa berariaz lantzea, eta ikerketak frogatu du bi eremu horiek ez lantzeak kalte handia egiten diela irakurtzen ikasten ari diren umeei.
Bestetik, AEBetako panel nazionalak ezinbesteko jo zuen berariaz irakur-jariotasuna, hiztegia eta ulermena lantzea. Izan ere, dekodetzen berariaz ikastea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Irakurtzearen azken helburua testua ulertzea da, eta horretarako hitza ez ezik mundua ere irakurri behar da, Paulo Freire eta Donaldo Macedo-ren liburuan esaten zen bezala (Literacy: Reading the Word and the World). Irakurtzea, beraz, trebezia askoren konbinazioa da. Ikerketak frogatu du oso lagungarria dela, besteak beste, ahozkotasuna lantzea, baita irakurtzen ari den gaiarekiko ezagutza lantzea ere. Baina hori guztia nola landu? AEBetako panelak 2000. urtean argitaratu zituen bere ondorioak. Harrezkero, oso argigarriak izan diren hainbat ikerketa plazaratu dituzte. CREA ikerketa saretik egin diren ekarpenek bereziki lagundu dute zer egin argitzen.
Pertsonen arteko interakzioak dira irakurtzen ikasteko gakoa nagusia. Interakzioak aberatsagoak izan ahala, handitu egiten dira ikasteko aukerak. Beraz, ikasle guztiek eraginkortasunez irakurtzen ikas dezaten, eskolak eremu pribilegiatuak dira. Ikerketak frogatu du Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak oso eraginkorrak direla irakurtzeko ahalmena sustatzeko, beti ere behar bezala eta intentsitate nahikoarekin egiten direnean, jakina. Berriki argitaratu dute horri buruz hezkuntza eremuan punta-puntakoa den aldizkari zientifiko batean. Gakoa, hitzak eta bizitzak partekatzea da, Ramón Flecha-ren Compartiendo palabras liburuan islatzen zen bezala. Hori fundamentuz egiten denean, emaitzak harrigarriak dira. Esate baterako, emaitza akademiko oso txarrak eta gatazka maila oso handia zituen ikastetxe batean, talde elkarreragileak eta solasaldi literario dialogikoak martxan jarri zituzten, eta bi ikasturtetan, ondo irakurtzeko gai ziren ikasleen kopurua % 17tik % 55era pasatu zen. Zientzia aplikatzea da gakoa.
Irakurtzeko ahalmena ez da berez sortzen. Homo sapiens-ak 315.000 urte inguru ditu, azken aurkikuntzen arabera. Lehenengo testu idatziak, aldiz, orain dela 5.500 urte inguru agertu ziren, eta lehen alfabetoa orain dela 3.800 urte inguru. Beraz, gizakiek 300.000 urte inguru pasa dituzte idazketarik gabe. Hortaz, berezkoa ez dela erraz ondorioztatu dezakegu. Asmakuntza kultural bat da, nahiko berria gainera, eta horregatik ikasten da elkarlanean, elkarrekin, interakzioan. Orain ikerkuntzak argitasun handiz erakutsi digu nola eskaini ume guztiei behinola gutxi batzuek bakarrik izaten zuten altxorra.
Egilea: Harkaitz Zubiri