2011ko abenduaren 19an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 66/170 Ebazpena onartu zuen. Horren bidez, urriaren 11 Neskatoaren Nazioarteko Eguna izendatu zen, neskatoen eskubideak aitortzeko, neskek mundu osoan dituzten arazoak ikusarazteko eta hobetzeko neurriak bultzatzeko. Hamargarren urteurrena ospatu da aurten, “Iritsi da gure unea: gure eskubideak, gure etorkizuna” lelopean. Aurtengo kanpainan nabarmendu nahi izan dute neskak prest daudela hurrengo hamarkadan aurrera egiteko, beren orain eta etorkizunagatik.
Egia da aurrerapen asko egin direla, batez ere lehen haurtzaroan, baina nerabeek beren potentzial guztia garatzea eragozten dieten zailtasunei aurre egiten jarraitzen dute, neska eta mutilen arteko desberdintasunek, estereotipoek, espektatibek eta abarrek ondorio negatiboak izaten jarraitzen dute haien bizitzetan. Zailtasunak bereziki itzelak dira zenbait herrialdetan; izan ere, horietan, nesken hezkuntzarako sarbidea ez dago guztiz ziurtatuta, genitalen mutilazioa bezalako ohiturei eusten zaie, 18 urte bete aurretik ezkontza behartuak egiten dira, neskatoen eta nerabeen lan-esplotazioa dago, etab.
Hala ere, herrialde guztietan daude hobetu beharreko alderdi asko; herrialde guztietan egin behar zaio aurre neskek eta nerabeek zuzenean edo zeharka (biktimei lagundu dietelako) jasaten duten genero-indarkeriaren arazoari. Nazio Batuen Erakundeak azaroaren 25a Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna edo otsailaren 6a Emakumeen Genitalen Mutilazioaren Zero Tolerantziaren Munduko Eguna aukeratu izanak ez du esan nahi egunero indarkeriaren prebentzioa landu behar ez denik.
NBE Emakumeak erakundeak egun hori aprobetxatu du hainbat arlotan aldatzeko eta hobetzeko proposamena egiteko, aukeratutako leloaren arabera:
- Genero-estereotipoak aldatzea
• Hezkuntzaren kalitatea hobetzea
• Zientzien arloan nesken kopurua handitzea
• Eskolatik lanerako trantsizioan laguntzea
• Emakumeen ekintzailetza erraztea
Aurreko urteetan bezala, eguna ospatzeko hainbat aukera eman dira: erakundeek genero-berdintasunaren alde antolatu dituzten ekitaldiekin bat egitea; eta neskak eta emakumeak protagonista dituzten gainditze- eta indar-istorioak sare sozialetan partekatzea, neskak motibatzeko. Halaber, ikastetxeetan jardunaldiak antolatu dira, non hainbat sektoretan nabarmentzen diren emakumeek belaunaldi berriak beren urratsak jarraitzera bultzatu dituzten, eta pertsona eta erakunde askok babesa eman diote kausari sare sozialen bidez, hashtag hauek erabiliz: #DayoftheGirl #GenerationEquality #DíaDeLaNiña #GeneraciónIgualdad.
Egilea: Luisa Maria Puertas