Hizkuntzetan trebea izatea geroz eta garrantzitsuagoa da egungo eskoletan. Haien artean, ingelesa da etxe askotan gehien kezkatzen duena, zeren eta kalean, aisialdian, ingelesaren inguruan antolatzen diren baliabideak ez dira ugariak. Ez behintzat dirutza gastatu ezin edo nahi ez duten familientzat. Bestalde, egungo ikasleak geroz eta trebeagoak dira online nabigatzen, eta ordenagailu zein tableta edota mugikorretan hainbat ezagutza barneratzeko tresna baliagarriak erabiltzen badakite. 

Ildo horretan, Eskoziako Liburutegiak martxan jarri du lineako baliabide-ataria, non literatura, matematika, zientzia, geografia, historia, politika eta gizarte arloan gaitasunak garatzeko baliabideak doan eskaintzen dituen. Oso modu intuitiboan aurkeztutako eduki interesgarria eskaintzen du. Ingelesez aparte, hizkuntza- eta literatura-arloan, gaelikoz, eskozieraz eta hizkuntza modernoetan ere baliabideak eskaintzen dira. Bestelako hizkuntza minoritarioen inguruko jakintza kritikoa garatzeko mesedegarri izan daitezkeen materialak ditugu eskura atal honetan.

Halaber, Zientzia eta Teknologia atalean, emakume zientzialariengan arreta jartzen duen saila eskaintzen du baliabideak. Bertako emakume zientzialariek zer-nolako ekarpenak egin zituzten ezagutzeaz gain (botanikan, geologian eta astronomian, besteak beste), emakumeek gizarte-ekarpen garrantzitsuetan duten rola azpimarratzeko baliabide aparta da. 

Egilea: Kaiera