Irakurtzen ikastea da eskolak eskain dezakeen oparirik handienetako bat. Irakurtzen ondo ikasten duenak askoz errazago egingo ditu ikasketak, motibatuagoa egongo da, etorkizunean lanbidea hautatzeko aukera askoz zabalagoak izango ditu, autoestima altuagoa izango du… Aldiz, irakurtzen ondo ikasten ez duenak makina bat traba eta buruhauste izango ditu bizitza osoan zehar. Funtsezkoa da, beraz, eskoletan helburu hau eraginkortasunez betetzea. Urte luzetako ikerketak argi uzten du posible dela irakurtzen ikasteko eskubidea ikasle guztientzat bermatzea. Baina horretarako ezinbestekoa da eskoletan helburu hori nola bete behar den argi eta garbi jakitea, eta, aldi berean, oinarririk gabeko gezurrak agerian uztea.

Entzuten da, tarteka, elebitasuna traba dela ikasketetan arrakasta izateko. Era berean, irakurtzen ikasteko ere eragozpena dela esaten dute batzuek. Baieztapen horiek ba al dute oinarri zientifikorik? Erantzunak ez du zalantzarako tarterik uzten: elebitasunak ez du zailtzen irakurtzen ikastea. Esaterako, artikulu honetan irakur daiteke gai horri buruz. AEBetako egoera aztertzen dute bertan: ikasleen %22 ingururentzat etxeko eta eskolako hizkuntza desberdinak dira; ikasle elebidun horien esperientziak oso anitzak dira, baina horietako hainbatek ez dute behar adinako konpetentzia ingelesez, eta egoera horretan daudenen artean, lautik hiruk ez dute irakurtzeko abilezia nahiko garatzen. Datuak analizatzen ez dakien batek esango luke elebitasunak eragozten duela irakurtzeko abilezia behar bezala garatzea. Aitzitik, estatistikaz oinarri-oinarrizko ezagutza daukanak badaki korrelazioak ez direla lotura kausalen sinonimo. Esate baterako, udan jendeak ez du izozki gehiago jaten txankletak janzten dituelako. Bi aldagai horiek erraz korrelazionatzen dira, baina haien arteko lotura ez da kausala, batek ez du beste eragiten. Berdina gertatzen da elebitasunaren eta irakurtzeko konpetentziaren artean. Elebitasuna inola ere ez da arrisku faktore bat irakurtzen ikasteko. Gakoa, ikasle guztiei eskaintzen zaizkien ikasteko aukera eraginkorrak dira, ikasi ahal izateko benetan dauzkaten laguntzak.

Gure eskoletan elebidunak diren hamaika ikasle ditugu. Ikastetxean instrukzio hizkuntza ez den beste hizkuntza batean hitz egiten dute etxean. Ikerketa zientifikoak garbi uzten du hori ez dela traba irakurtzen ondo ikasteko. Gakoa, testuinguru egokiak sortzea da. Nola? Inpaktu sozialaren ebidentziak eskolan aplikatzea da gakoa. Zorrotz eta intentsitate nahikoarekin egiten dugun heinean izango dugu arrakasta.

Egilea: Harkaitz Zubiri