AEBetako ia ikastetxe guztiek futbol-talde bat, saskibaloiko beste bat eta borroka libreko beste bat dituzte. Baina, zergatik ez idazketa-talde bat? Zergatik ez eskolarteko idazketa-ekitaldien denboraldi bat? Zergatik ez Ohioko idazle gazte onenentzako eskualde-lehiaketa bat? Zergatik ez egin estatuko final bat idatzizko adierazpenaren artea neurtzeko eta saritzeko?

Hausnarketa hori egin eta gero, Power of the Pen sortu zen 1986an, eta Lorraine B. Merrill izan zen horren fundatzailea. Eskolarteko lehen txapelketa Nordonia Junior High Schoolen egin zen 1985ean, eta eskola gutxi batzuek baino ez zuten parte hartu. Ondorengo bi edizioek idazle gehiago erakarri zituzten, baina garrantzitsuena da Estatu Batuetako eta Estatuko Hezkuntza Sailak Lorraine saritu zuela “Christa McAuliffe” bekarekin, 1988an.

1990. urtera arte ez zen bueltatu, eta edizio berezi horretan Power of the Pen-ek bere lehen Estatu Txapelketa antolatu zuen Denisoneko Unibertsitatean. 2001ean, askoz txapelketa zabalagoa egin zen eta Talentu Gaztearen Sarirako lehen unibertsitate-beka eskaini zen. Aurrerago, 2006an, Power of the Pencil sortu zen, lehen hezkuntzako bostgarren eta seigarren mailako ikasleentzat, eta Ohioko Arteen Kontseilua, Turner Fundazioa, GAR Fundazioa eta Martha Holden Jennings Fundazioa programa horretarako diru-laguntzak ematen hasi ziren. 

Besteak beste, txapelketa babesteko, Elsie Beachler idazleak eta bere senarrak 50.000 dolar eman zituzten bost urtez. Pandemia ostean, Power of the Pen-ek bere historiako lehen eskualde-txapelketak antolatu zituen, indar handiz bueltatu zen. Ekitaldiak bere lehen denboraldia osatu zuen erabat online, eskualde- eta estatu-mailako txapelketekin. Lineako formatua aldi baterakoa izan zen, asmoa aurrez aurreko txapelketetara itzultzea baita, pandemiaren norabideak ahalbidetu bezain laster.

Orain, aurtengo txapelketa irekita dago, eta parte-hartzaileek izena eman dezakete. Agian, etorkizunean gure ikasleek parte hartu ahalko dute; momentu hori ailegatu arte, txapelketaren webguneak eskaintzen duen informazioa erabil dezakegu gure klaseetan idazkera sortzailea lantzeko. 

Egilea: Garazi Alvarez