40 urte baino gehiago joan dira Ramón Flechak Solasaldi Literario Dialogikoak sortu zituenetik. Harrezkero, mila eta bat lekutan baino gehiagotan egin izan dira, eta kopurua etengabe hazten ari da. Luze eta zabal ikertu da haien eragina, testuinguru anitzetan eta askotariko profilekin, eta orain arte egin diren ikerketa guztiek erakutsi dute oso onuragarriak direla, behar bezala egiten direnean, jakina.

Literaturako libururik onenekin egiten dira Solasaldi Literario Dialogikoak. Nola bereiz dezakegu zeintzuk diren libururik onenak? Liburu bati buruzko iritzia erabatekoa denean, hari buruzko zalantzarik ez dagoenean, orduan ondorioztatu dezakegu libururik onenetako bat daukagula esku artean. Esate baterako, Krimena eta zigorra irakurri dutenen artean inork jartzen al du zalantzan nobela hori inoiz egin den libururik onenetako bat denik? Irakasle batek zer liburu irakurri behar duten aukeratzen duenean, zer irizpidek baldintzatzen dute erabaki hori? Merkatuaren joerak lehenesten ditu? Obrarik onenei buruzko adostasun zabalak hartzen ditu kontuan? Zenbateraino eragiten dio berak zer liburu irakurri dituen eta zein ez?

Solasaldi Literario Dialogikoetan libururik onenak erabiltzen dira. Arrazoiak hamaika dira. Hona hemen horietako batzuk:

  1. Ikerketak libururik onenekin egin dira. Baldintza horietan bermatzen dituzte emaitza onenak. Inork libururik onenak erabili nahi ez baditu, libre da, noski, beste liburu batzuk aukeratzeko, baina horiek ez dira Solasaldi Literario Dialogikoak izango, eta ez dute ikerketa horien bermerik izango. Sendagai bat hartzen dugunean, pentsaezina iruditzen zaigu osagairen bat aldatzea. Berdina gertatzen da Solasaldi Literario Dialogikoekin. Ikerketak frogatu du hizkuntza- eta komunikazio-gaitasunak sustatzen dituela; errespetuzko harremanak sorrarazten dituela, baita laguntasunezkoak ere; elkartasuna eta komunitate-zentzua bultzatzen dituela; eta partaideen ongizate emozionala, autokontzeptua eta autoestimua hobetzen lagundu dezakeela. Baina, jakina, Solasaldi Literario Dialogiko bat egiten denean gertatzen da hori, osagaiak manipulatu gabe, sendagaiekin gertatzen den bezala. 
  2. Burmuinean sortzen duten jarduera neuronala sekulakoa da. Esate baterako, ikerketak frogatu du Shakespeare irakurtzeak ekaitz moduko bat sortzen duela burmuinean. Testuaren aberastasunak eragiten du erauntsia.
  3. Libururik onenak irakurtzeak asko laguntzen du besteek zer pentsatzen duten jakiten eta ulertzen. Oso lagungarriak dira mundua hobeto ulertzeko. Bestela ezagutuko ez genituzkeen hainbat pertsona eta egoera ezagutu ditzakegu bertatik bertara eta sakonean. Ikerketak frogatu du literaturarik onena irakurtzeak sustatu egiten duela gogamenaren teoria (theory of mind, teoría de la mente). Gizakion ezaugarririk bereizgarrienetariko bat da. Horri esker jakin ohi dugu besteak zer pentsatzen eta sentitzen duen. Bestearen gogamena deszifratzen laguntzen digun trebezia da. Funtsezkoa da besteekin harreman onak izateko.
  4. Aberastasuna banatzeko modu bat da. Gizakiok historian zehar, pixkanaka, hainbat aberastasun metatu ditugu, eta justiziazkoa da altxor horiek jende guztiaren eskura jartzea. Gure ikasleei libururik onenak izkutatuko bagenizkie, oinarrizko giza eskubide bat ere ukatuko genieke: giza eskubideen deklarazio unibertsalaren 27. artikuluak argi eta garbi aldarrikatzen du pertsona orok duela eskubidea artelanez gozatzeko. Non izango du gehiengo zabalak eskubide hori betetzeko aukera? Litekeena da askorentzat ikastetxea izatea aukera bakarra.
  5. Guzti-guztiok daukagu aukera libururik onenekin gozatzeko. Ez da egia libururik onenak soilik gizaki mota batzuentzako modukoak direnik. Ikerketak frogatu du testuinguru egokiak sortzen ditugunean, guzti-guztiok gozatu dezakegula libururik onenekin. Kontrakoa esaten duenak ziur aski ez ditu libururik onenak irakurri. Bestela, jakingo luke libururik onenek mahaigaineratzen dituzten gaiak bizitzako gai garrantzitsuenak direla, pertsonen artean gaur egun gertatzen diren emozioak eta gatazkak islatzen dituztela, errealitatea islatzen dutela, eta horrelakoak jende guztiari asko interesatzen zaizkiola. Hortaz, matxismotik, klasismotik edo arrazakeriatik ez bada, nekez ukatu daiteke libururik onenak pertsona ororentzat gozamen-iturri izan daitezkeenik.
  6. Munduko hamaika herrialdetako literatura ezagutzeko aukera ematen dutelako. Mendebaldekoak dira liburu onenetako asko, baina beste herrialdeetako literatura ezagutzen duenak badaki libururik onenak, Mendebaldean ez ezik, herrialde arabiarretan, Indian eta Txinan ere ez direla bakanak, zenbait adibide aipatzearren. Mendebaldarrek liburu horiek ez ezagutzeak ez du esan nahi liburu horiek existitzen ez direnik eta libururik onenen artean sailkatu behar ez direnik.
  7. Idazle bikainak sortzeko ezinbesteko baldintza da. Idazle onenetako askok profil jakinak dituzte (gehienetan gizonezkoak, maila sozial altuetakoak, eta etnia boteretsuetakoak). Zergatik? Idazle bikain bihurtzeko baldintza egokienetan bizi izan zirelako. Ikerketak frogatu du libururik onenak irakurtzea funtsezkoa dela etorkizunean goi-mailako idazle bihurtzeko. Guk orain hemen gure ikasleei testuinguru egoki horiek ukatzen badizkiegu, etorkizunean haiek ere ezin izango dute lortu beste batzuek eskura izango dutena. Historian zehar ohikoa izan da: emakumeei, maila sozial apalenekoei eta baztertutako etniei ukatu egin zaie kultura jasorako sarbidea. Guk orain gure ikastetxeetan bidegabekeria hori gainditzeko aukera daukagu.

Egilea: Harkaitz Zubiri