Gero eta argiago dago lehen haurtzarotik esku hartu behar dela indarkeriarekin eta genero-indarkeriarekin amaitzeko. Adin horretatik aurrera hasten da, ala ez, indarkeria bertakotzen, sozializazioaren ondorioz. Eta normalizazio horrek ezagutzen ditugun ondorio larriak izan ditzake epe ertain eta luzera.
Heldu askok -senideek, irakasleek, beste profesional batzuek- ez dute uste txikienen artean gertatzen dena indarkeria denik, eta aurrerago esku hartu behar dela pentsatzen dute, baina horrek ez du inolako oinarri zientifikorik. Esku-hartze egokia egin ahal izateko, ezinbestekoa da sinesmen edo jarrera horiek aldatzea.
Artikulu zientifiko honetan prestakuntza dialogikoko gune bateko jakintzaren birsorkuntza jasotzen da. Gune horretan zientzialariak, irakasleak, senideak eta komunitateko beste eragile batzuk elkarrizketan aritu ziren, eta gaiak komunitateetatik bertatik, gero eta handiagoa den indarkeriagatik duten kezkatik, sortu ziren. Formatua hitzaldi bat izan zen, gaiari buruzko ebidentzia zientifikoekin eta horren eztabaidarekin, eta, ondoren, aldi bereko taldeetan lan egin zen, aurkeztutako ebidentzia zientifikoetan sakontzeko eta haien esperientziarekin lotzeko. Ezagutzaren birsortze horrek lagundu zuen identifikatzen zeintzuk diren gainditu beharreko jarrerak eta sinesmenak, horiei buruzko ebidentzia zientifikoak:
- “Hau ez da indarkeria, haren ikaskuntzaren parte da!“. Aitzitik, ebidentziak erakusten du indarkeriarekiko edozein esposizio, adin goiztiarrean, haurrek ikasten eta barneratzen duten munduaren ikuspegiaren parte bihurtzen dela.
- “Erasotzaileek ez dute lagunik”. Aitzitik, gutxiengo bat, gutxienez, erasotzailearen botereak erakartzen du, eta haren gizarte-zirkulua osatzen dute.
- “Musuak eta haginkadak haur txikien komunikatzeko moduak dira”. Ume guztiek ez dute haginka egiten, gutxi batzuek beti egiten dute, eta beste batzuk biktimak dira beti.
- “Eskolan jada lantzen dira balioak, zer dagoen ondo eta zer ez”. Etikaren hizkuntzatik lan egitea ez da baliagarria, ez du balio indarkeriarekin amaitzeko, desiraren hizkuntzatik egin behar da, baina ez helduengandik, baizik eta haien artean desiraren hizkuntza ahalbidetzea sustatuz, berdintasunezko jarrera eta barkamenekiko, indarkeriarik gabekoekiko.
Informazio horietatik abiatuta, hezitzaileek modu kritikoan identifikatu zituzten indarkeriaren naturalizazioaren adibide batzuk: «Lasai, ez da ezer izan». Nola ez dela ezer izan? Norentzat, kolpea ematen duenarentzat ala jasotzen duenarentzat?; edo tipikoagoa: “Eska iezaiozu barkamena, emaiozu musu bat”. Nolatan emango diozu musu bat eraso dizunari!”. Garrantzitsua da helduek indarkeriaren aurkako jarrera argia izatea (arazo handirik eragin gabe, baina ez dutela onartuko argi utzita), beti biktimarengan arreta eta babesa jartzea, eta haien arteko harremanetan koherenteak izatea ere.
Beste pertsona batzuek nerabeen arteko indarkeria-egoerak identifikatu zituzten, eta adibideak ipini. Egoera horietatik abiatuta, jarrera kritikoak sortu ziren horrelako egoeren aurrean, eta esku hartzearen beharra adierazi zen, guztion arazoa delako.
Ondoren, elkarrizketa horiek ikasleengana, beste irakasleengana eta senideengana zabaldu ziren eskoletan, eta indarkeriaren aurkako jarduerak sortzen hasi ziren: batzorde mistoak, edozein indarkeria-kasuren aurrean modu aktiboan esku hartzeko; ikasleen jarrera aktiboa bultzatzea, erasotzaileei zuzenean aurre egiteko eta biktimak babesteko edo beste irakasle eta ikaskide batzuen laguntza bilatzeko; haiek antolatutako prebentzio-kanpainak…
Artikulu honek erakusten du zientzialarien eta erabiltzaileen artean berdintasunezko elkarrizketarako guneak sortzea lagungarria dela ikerketa aberasteko, alde batetik, eta, bestetik, ezagutza zientifikoa praktikara transferitzeko eta errealitatea eraldatzen laguntzeko, kasu honetan indarkeria gainditzeko.
Egilea: Mª Luisa Jaussi