Nahiz eta unibertsitateko matematika-sail batzuek gero eta aniztasun handiagoa duten beren osagaien artean, eta kontuan hartuta emakumeek doktorego-proportzio handiagoa lortzen dutela ia gizonezkoentzat bakarrik izan ohi zen eremuan, matematikako sari nagusiak oraindik ere ia esklusiboki gizonezkoei ematen zaizkie.
Sariak ematen dituzten erakunde ospetsu batzuek, hala nola Nobel Sariak, Fields Dominak, Abel Sariak, Shaw Sariak eta abarrek, jakinarazten dute, Suediako Zientzien Errege Akademiak emandako urratsei jarraituz, aldaketak sartzen saiatzen ari direla, hautagaiak proposatzen dituzten batzordeen eta sarietarako izendatuak diren pertsonen artean aniztasun handiagoa egon dadin. Komunitate matematikoaren kasuan, zenbait kidek zalantzak agertu dituzte zentzu horretan neurriak hartu behar ote diren.
Esan bezala, oso emakume gutxik jaso dute saria matematikaren alorrean. Adibidez, Matematika Zientzietako Shaw saria emakume bakar bati eman zaio, Claire Voisini, 2017an. Karen Keskulla Uhlenbeck ere emakume bakarra da, 2019an Norvegiako Zientzia eta Letren Akademiak Abel saria eman zien 25 pertsonen artean. Maryam Mirzakhani irandarra izan zen, 78 urteko historian, Fields domina irabazi zuen lehen emakumea (2014an). Maryam domina irabazi eta 3 urtera hil zen, 40 urte zituela. Haren urtebetetze-data, maiatzaren 12a, emakume matematikoen nazioarteko eguna da orain. Aurton, uztailaren 5ean, gizonezko beste 3 dominadunekin batera, bigarren domina bat eman zioten emakume bati: Maryna Viazovskai ukrainarrari.

Wolf eta Crafoord sariek ez dituzte inoiz matematikaren alorrean emakumeak ohoratu. Breakthrough saria ere ez dute irabazi, 3 milioi dolarrekoa eta Yuri Milner aberats errusiarrak sortua.
Matematikaren arloan sarietarako hautagai izateko pertsonak proposatzen dituzten batzorde gehienak, orain arte, gizonek bakarrik osatzen dituzte, eta gizonek ez dute genero-joera onartzen. Izan ere, Michael Barany Edinburgoko Unibertsitateko (Erresuma Batua) zientziaren historialariak dioen bezala, matematikaren kulturak heroi bakartien mitoetara jotzen du, eta, beraz, gizonei abantaila bidegabeak eman diezazkieketen faktoreak gutxiestera, hala nola babes soziala, jarraitu beharreko eredu estereotipatuak eta tutoretza.
Aipatu dugun bezala, zenbait erakunde emakumeak sartzen saiatu dira hautagaien zerrendetan emakumeak izendatzeko edo/eta emakumeak proposatzeko batzordeetan, baina badirudi horrek ez dituela nahi adinako aldaketak eragiten, eta aurtengo Fields dominetarako Nazioarteko Matematika Batasunak (IMU) beste urrats garrantzitsu bat egin du: jarraibideak ematea batzordeko kideei eta izendapenak bidaltzen dituztenei, genero-joera inkontzientearen eta erabaki inkontzienteen intzidentziari buruz. Carlos Kenigek, IMUren presidenteak, dioenez, ezinbestekoa da jendea horretaz jabetzea, beste modu batera joka dezan.
Sari nagusien artean aldaketa-erritmoa mantsoa izan arren, emakume matematikariak beste modu batzuetan ere aintzatesten dira, hala nola IMCren aurtengo kongresuan, non emakumeak hizlarien % 20 izatera iritsiko diren, eta aurreko kongresuetan, berriz, % 15 inguru ziren. Zenbaki horiek, txikiak izan arren, erakundeetan eta unibertsitateetan argitaratzen duten edo postu garrantzitsuak lortzen dituzten emakumeen proportzioa baino dezente handiagoak dira.
Argi dago oraindik ere eraldaketa gehiago behar direla neskek estereotipoei eta aurreiritziei aurre egitera eta matematikaren erakargarritasuna aurkitzera animatzen duten erreferente femenino asko egotea nahi badugu. Horrela, etorkizunean aukera profesional gehiago izango dituzte, gure gizarteak gero eta mendekotasun handiagoa baitu matematikarekiko.

Egilea: Luisa Maria Puertas