Literatura zientifikoak erakutsi du, haur-hezkuntzatik, funtsezko trebetasunetan arrakala bat egon daitekeela maila sozioekonomiko altuko eta baxuko ikasleen artean. Badakigu familiekin egiten diren jarduerek pisu handia dutela, eta, beraz, familiak seme-alaben hezkuntzan inplikatzea funtsezkoa dela. Baina zer jarduera egin ditzakegu gure seme-alabekin etxean ikaskuntzetan hobekuntzak bultzatzeko, bereziki uda datorren garai honetan?

Ildo horretan, literatura zientifikoa saiatu da identifikatzen familiek beren seme-alabekin etxean egiten dituzten zer jarduera diren onuragarrienak haien ikaskuntzetarako. Garrantzitsua da mugatutako edo mugatu gabeko trebetasunen kontzeptua. Lehenengoak zuzenean irakats daitezkeenak dira eta tope bat dute, hau da, haur gehienek oso ondo egin ditzakete. Mugatuak ez direnek ez dute toperik, eta esperientziaren bidez eskuratzen dira pixkanaka, zuzeneko instrukzio baten ordez; adibidez, hiztegia eta problemak ebaztea. McCormick eta kideak saiatu dira identifikatzen etxean ikasteko zein jarduera diren hobeak haurtzaindegiko haurren arteko lengoaia- eta matematika-trebetasunei dagokienez, eta arreta berezia jarri dute jarduera horiek hasieran aipatu ditugun desberdintasunak arindu ditzaketen ala ez.

Ikerketa horretan, haurtzaindegiko 307 ikaslerekin eta haien familiekin, emaitzek erakutsi zuten, oro har, familiek etxeko hezkuntza-jardueretan parte hartzen zutela, maitzasun ertain eta handian. Horrek erakusten du familia gehienek, beren ikasketa-maila edo maila sozioekonomikoa dena dela, beren seme-alabekin elkarreragiten zutela etxeko hezkuntza-jardueretan, nahiko maiztasun handian. Parte-hartzaileek egiten zituzten jarduerarik ohikoenak mugatuta ez zeuden hizkuntzarekin lotutakoak ziren; ondoren, irakurketa-idazketa eta matematika jarduera mugatuak zeuden, letrak irakasteko eta kontu edo batura sinple batzuk egiteko. Gurasoek gutxien egiten zituzten jarduerak matematika ez-mugatuak ziren.

Jarduera batzuek edo besteek dituzten ondorioen artean, ikerketaren emaitzek adierazi zuten lorpen akademikoei gehien eragiten ziena hizkuntzako eta matematikako mugatuta ez dauden jarduerak zirela. Hori dela eta, ikusi zuten gurasoek, ikasketa-maila baxua izan arren, bi trebetasun horiek modu ez mugatuan garatzeko jarduerak egiten bazituzten, ondorio positiboak zituela ikasleen arteko aldea ezabatzeko.

Eta zeintzuk dira mugatuta ez dauden jarduera horiek? Hizkuntzaren kasuan, adibide batzuk irakurketa eta ipuin-kontaketa dira. Gainera, jarduera horiek edozein unetan egin daitezke, kalean (helbide-hitzekin praktikatuz), afarian (istorioak kontatuz) edo lotara joan aurretik (ipuinak irakurriz). Matematikaren kasuan, beste adibide batzuk forma blokeekin jolastea, diruari buruz hitz egitea eta zenbaki eta formei buruzko liburuak irakurtzea izan daitezke.

Egilea: Ane López de Aguileta