Literatura zientifikoak adiskidetasunaren, osasun mentalaren eta ikasleen eskola-errendimenduaren arteko harremana nabarmentzen du. Bide horretatik, adiskidetasun ezaren ondorioak eta adiskidetasunaren kalitatea sakonki ikertu dira. Baina gutxiago sakondu da adiskidetasunaren egonkortasunari buruz, hau da, lagun bera denboran zehar mantentzeari buruz, eta hori askotan eteten da eskolatze-etapen arteko trantsizioaren ondorioz. Ikasle askok adierazten dute kezkatuta daudela Bigarren Hezkuntzarako trantsizioak erronka sozial eta akademiko berriak dakarzkielako. Horregatik, Ng-Knight eta lankideek egindako ikerketan Lehen Hezkuntzako eskolatik Bigarren Hezkuntzarako trantsizioan lagun egonkorrago bat mantentzearen onurak aztertu zituzten.
Horretarako, ikerketa horretan Erresuma Batuko bigarren mailako 10 eskolatarako trantsizioan zeuden 11 urte inguruko 593 ikaslek parte hartu zuten. Bertan, adiskidetasun autodeklaratuaren egonkortasunaren arteko lotura aztertu zen, eta hiru kategoriatan sailkatu zen: errendimendu akademikoa, arazo emozionalak eta jokabide-arazoak. Adiskidetasunaren kalitatea, errendimendua eta doikuntza psikologikoa kontrolatu ziren ikerketa horretan.
Emaitzek adierazten dute adiskidetasunaren egonkortasun-indizeak baxuak direla trantsizio-aldi horretan. Azterlan prospektibo horretan, ikasleek lagun-egonkortasun eza aitortzen dute Bigarren Hezkuntzara aldatzen direnean. Soilik ikasleen laurdenak eutsi zien bere adiskidetasun onei trantsizio horretan. Lagun bera mantendu zutenek ondorio onuragarriak izan zituzten osasun mentalaren alderdian, zehazki, jokabide-arazoekin eta errendimendu akademikoarekin.
Era berean, Bigarren Hezkuntzako eskolen politikek ikasleak lagunen arabera taldekatzen badituzte, haien adiskidetasun-egonkortasuna bultzatu dezakete. Zehazki, Bigarren Hezkuntzako taldeen konfigurazioan ikasleen adiskidetasun-lehentasunak sartzeak lagun onenen egonkortasuna areagotu dezake, eta horrek, aldi berean, jokabide-arazoak gutxitu eta errendimendu akademikoa handiagotzen ditu.
Ikerketaren ondorioen arabera, Bigarren Hezkuntzarako trantsizioan lagun egonkor bat mantentzea ikasleen osasun mental hobearekin eta onura akademikoarekin lotzen da. Egokitzapen-aldi hori estresagarria da ikasle askorentzat, eta epe luzerako emaitzak iragartzen ditu. Beraz, hori jakinda, eskoletatik adiskidetasunak gehiago zaindu ditzakegu trantsizio-prozesuetan.
Egilea: Garazi Alvarez