El Diario Feminista-tik itzulita

1852an liburu gisa argitaratu zen Osaba Tomen etxola, Harriet Beecher Stowek (1811-1896) “The National Era” egunkari abolizionistan 1951. eta 1952. urteen artean aleka argitaratu ondoren. Merkaturatu zen egunean 3.000 ale saldu ziren, urtebete beranduago 300.000 zeuden salduta, eta Europan hedatzen hasi zen. Bost urtean 500.000 ale saldu ziren. Eleberria hogei hizkuntza baino gehiagotara itzuli zen, eta XIX. mendeko nobelarik salduena izan zen.  

Stowek liburua idatzi zuenean, esklabotasuna legezkoa zen Estatu Batuetan, eta lan horrek esklabotasunaren gizagabetasunaz kontzientziatzen eta horren kontrako jarrera hartzen lagundu zuen, ikusarazi egin zuen.  Diotenez, Lincoln presidenteak 1862an Stowe ezagutu zuenean, Sezesio Gerra bitartean, honako hau adierazi zuen: «Beraz, zu zara gerra handi hau eragin duen liburua idatzi zuen emakume txikia». Harriet 1,50 cm garai zen. 

Annette Gordon-Reed historialariak (2011) nabarmentzen du Stoweren eleberriak esklabotasunari buruzko iritzi publikoa aldatu zuela. Haren arabera, Stowe irakurle amorratua izan zen txikitatik, eta eskura zituen liburu guztiak irakurtzen zituen, hala nola teologia-tratatu zaharrak edo Mila gau eta bat gehiago

Lyman Beecher-en, Bostoneko ministro erlijioso abolizionistaren, eta Roxana Foote Beecher-en (Henry Ward Beecher izeneko artzain protestante ezagunaren arreba) hamahiru seme-alaben artean zazpigarrena izan zen egilea. 1832. urtean, jarrera abolizionistagatik nabarmentzen zen Cincinnatira aldatu zen haren familia, eta aita Lane-ko Apaiztegi Teologikoaren lehen presidentea izan zen.  Han, Harriet gehiago gerturatu zen esklabotasunaren eta lurpeko trenaren existentziari buruzko hausnarketara. Western Female Institute-n izan zen irakasle, geroago senarra izango zuenarekin batera. Emakumezkoentzako akademietan ikasi zuen, Catherine ahizpa nagusiak zuzentzen zuen eta emakumezkoentzako hezkuntzan aitzindaria zen Hartford Female Seminary-n, esaterako. Itsaso Álvarezek honako hau nabarmentzen du (2015): «Stowe ez zen inoiz feminismo erradikalaren alde agertu, ahizpa txikia, Isabella Beecher Hooker, horren defendatzaile sutsuenetarikoa izan arren. Eta, emakumeek bozkatzearen alde egon arren, ez zen mugimendu horren kide aktiboa izan. Hala ere, ideologiari dagokionez, biek sinesten zuten matriarkatuan, gizarte bidezko eta orekatuaren eredu gisa, botere patriarkalaren kontra maitasunaren manuan oinarritutako Amerika berreraikitzeko eredu gisa. Are gehiago, Stowek emakumeen balioak Amerikako iraultza etikoaren oinarritzat jo zituen».

Stowek antzeko ideiak zituzten lagunak topatu zituen Semi-Colon Club izeneko tokiko literatura-elkarte batean. Calvin Stowe-rekin ezkondu zen; hark irakasle-postua onartu zuen Bowdoin College-n, eta Brunswick-era aldatu ziren. Bikoteak zazpi seme-alaba izan zituen, eta Harrietek hogei liburu, saio eta askotariko artikulu baino gehiago idatzi zituen.

  1. urtean, Kongresuak esklabo iheslarien legea onartu zuen, eta senar-emazteek abolizionismoaren alde lan egin zuten. Haren familia dagoeneko justizia sozialarekin konprometituta zegoen. Aitak jarrera abolizionista argia hartu zuen 1836ko Cincinnatiko esklabotasunaren aldeko istiluen ostean, eta horrek abolizionismoa indartu zuen familian.  Catharine ahizpak eragina izan zuen Harrieten iritzi sozialetan.  Eta Isabella ahizpa lider sufragista izan zen.  Harrietek protagonista esklaboa zuen lana idaztea erabaki zuen, esklabotasuna salatzeko, jarrera abolizionistarekin. Pertsonaia batzuek pertsona errealakislatzen zituzten, Josiah Henson-ek esaterako, emaztearekin eta seme-alabekin batera Kentucky-tik Kanadara lurpeko trenaren bidez ihes egin zuen esklabo iheslariak.

Stowe Litchfield-en jaio zen (Connecticut), beraz, hegoaldeko testuingurua ez ezagutzea leporatu zioten.  Hark ez zuen inoiz ukatu plantaziorik ezagutu ez zuenik, eta azaldu zuen bizi zen lekura heldutako esklabo iheslariengan hartu zuela inspirazioa. 1853an, Tom osabaren etxolarako giltza bat argitaratu zuen, eta bertan «lanaren inguruko zalantza guzti-guztiak dokumentatzen zituen. Baina beste urrats bat egin nahi izan zuen, eta, esklabotasunaren beraren kontra egiteaz gain, erakutsi nahi izan zuen lege-sistemak berak ahalbidetzen zuela jarduera hori, baita jabeen esklaboenganako tratu txarrak ere» (Herrero, 2020). 

Gordon-Reddek (2011) azpimarratzen du Stowek Hegoaldea esklabista paternalisten lurraldea zelako mitoa ezereztu zuela, eta honako hau nabarmentzen du: «Stowek hegoaldetar guztiak ez deabrutzeko eta iparraldetar guztiak ez beatifikatzeko ahalegina egin zuen. Haren iritziz, inor ez zen ustela izatez; esklabotza-sistemak hondatu zituen ukitu zuen guztia eta guztiak. Baina haren istorioa eraginkorra izan zen, hegoaldetarren asmoei zuzenean kontra egin zielako».  Halaber, honako hau uzten du agerian: «Esklabo bihurtutako emakumeen kontrako tratu txar sexualak literatura abolizionistaren funtsezko elementua ziren, eta Stowek indar handiz deskribatu zuen hori. Garaiko apaltasunak, aldiz, esklabotasunaren apologistei ahalbidetu zien gaia planteatzen zuen edonor gustu txarrekotzat eta oiestzat jotzea. Stowek bere buruari egindako galdera bera proposatu zien herrikideei: ‘Izugarrikeria hau, amesgaizto higuingarri hau! Nire herrialdean gerta daiteke?’. Eleberria argitaratu ondorengo hamarkadan, gero eta biztanle gehiagok erabakitzen zuen ezin zela horrelakorik gertatu, horrek gerra bazekarren ere». 

Idazle gisa, Stowek emakumeen eskubideei buruz ere idatzi zuen, eta esklaboekin alderatu zituen haien legezko egoera prekarioagatik. 1848an, Seneca Falls-eko konbentzioa emakumeen eskubideen adierazpenaren eta sufragioaren erreibindikazioaren lehen urratsa izan zen; emantzipazio-prozesua izan zen, mugimendu abolizionistarekin lotua, eta aktibistek, esklabotasunaren abolizioaz gain, emakumeen berdintasuna defendatzen zuten, hau da, gizonen eskubide, hezkuntza eta soldata bera. Stoweren salaketen jomugan ez ziren esklaboen jabeak eta langileburuak bakarrik egon; «diru-sarrera gisa esklaboen salerosketa onartzen eta ustiatzen zuten guztiak salatu zituen». 

Idazketaren eta idazten duenaren testuingurua ulertzea ezinbestekoa da, beti. Ezin ditugu klasikoak irakurri idatzi zireneko testuinguru soziokultural eta historikora, garaiko pentsamoldera gerturatu gabe; horrela, emakumeen idazkera aintzat har dezakegu, baita inposatu zitzaizkien mugei desafio egiteko eta horiek hausteko ausardia eta koherentzia ere.

Egilea: Consol Aguilar