Eskolako bizitzak azkarra eta klasez beteriko errituala dirudien arren, jangelako tartea ere eskolako esperientziaren parte da, orain arte ikerketa-arreta txikia jaso duen arren. Aipatzekoa da literatura zientifikoak 2010ean topatu zuen datua: doako jangela-zerbitzua (guztien eskura dagoena) eskaintzen zuten eskoletan, bazkalosteko klaseetako parte-hartzea areagotzen zen.
Horregatik, Educational Review aldizkari zientifikoan 2022an argitaratu berri den artikuluan, eskolako tarte hori aztertu dute Ed Baines eta Helen MacIntyrek, berdinen artean suertatzen diren elkarrekintzak aztertzeko helburuarekin.
Hartara, lehen hezkuntzako 316 haurrek parte hartu zuten ikerketan. Emaitzek diotenez, haur gehienek jangelako tarteaz izugarri gozatzen dute konfiantzazko espazioa delako, non haien lagunekin eseri daitezkeen eta atsedenaldiak baino gehiago irauten duen tarte informala duten gustuko gaien inguruan aritzeko. Aipatzekoa da parte-hartzaileen eskoletan bazkalordurako bi aukera eskaintzen zirela: haurrek etxetik bazkaria ekartzea edo eskolan bertan prestatutako bazkaria. Bestalde, jangelan sartzeko edo bazkaria hartzeko ilara egin behar zenean, parte-hartzaileen erdien baino gehiagoren iritziz, tarte hori lagun batekin partekatuz gero, ilara bera eramangarriagoa zen.
Hala, % 91ren iritziz, jangelan lagun batekin esertzea oso garrantzitsua da, eta horien gehiengoak esan zuen azken bazkalorduan lagun onekin eseri zela. Gainera, parte-hartzaileen % 70 azkar bazkaltzen saiatzen zen, jolastokira ahalik eta arinen joateko. Hala ere, % 80k esan zuten askotan itxaroten zutela haien lagunek amaitu arte jolastera joateko.
Baina, zeren inguruan hitz egiten dute haurrek bazkalorduan? Bada, ikerketaren arabera, gehienetan gehiengoak ikusten dituen telesaioen inguruan, futbolarekin, kontsolekin, janarekin, gai pertsonalekin eta eskolarekin zerikusia duten gaiei buruz (ikasketak, etxerako lanak, azterketak, besteak beste), edota jarraian egingo dituzten jolasen koordinaketaz.
Gauzak horrela, eskoletako bazkalordua berdinen arteko askotariko elkarrekintzak gertatzen diren testuingurua da. Hartara, jolastordua edo klasea bezala, hezkuntzarako interes handiko gunea da jantokia.