Vladimir Putinek Ukrainaren aurka hasitako gerraren testuinguruan, herrialde, gobernu, erakunde, elkarte, pertsona eta abar askok eman diote babesa Ukrainako herriari eta GERRARI EZ esan dute ozenki.
Errusian, gerraren aurkako protestak eta manifestazioak, hainbat komunikabidetan ikusi dugun bezala, gogor zapaldu dira. Errusiar komunitate zientifikoan ere, herrialdearen barruan eta kanpoan, Ukrainaren aurkako erasoen kontrako ahots asko entzun dira.
Nazioarteko komunitateak Errusiari ezarri dizkion zigorrez gain, nazioarteko akordio eta lankidetza zientifiko asko ere bertan behera geratu dira. Akordio eta lankidetza horiek, alde batetik, Putinek gerrari buruz hartutako erabakiekin zerikusirik ez duten pertsona asko zigortzen dituzte, eta, bestetik, arriskuan jar ditzakete nazioarteko ikerketak, gizateriari hainbat arlotan hobekuntzak ekar diezazkioketenak, hala nola klima-aldaketan, elikagaien segurtasunean eta abarretan.
Arrazoi horiengatik, Harvardeko Unibertsitateko (AEB) John Holdren buru duten mendebaldeko bost zientzialarik gutun bat argitaratu dute Science aldizkarian, non poztu egiten diren ukrainar ikertzaileei mendebaldeak emandako laguntzagatik, baina arduradun politikoei eta munduko komunitate zientifiko eta teknologikoei eskatzen dieten ez ditzatela baztertu Errusiako zientzialari guztiak haien gobernuaren ekintzengatik.
Holdrenen arabera, gutun horren bidez, Errusia zigortzeko egin beharreko urratsak aztertzean gogoeta egiteko beharraz ohartarazi nahi da, Putinen erregimenari baino, mendebaldeko interes eta balioei kalte handiagoa egin ez dakien.
Bestalde, Nick Talbotek, gutuna sinatu duen beste kide batek eta Sainsbury Laborategiko (Erresuma Batua) zuzendari exekutiboak, azaldu du idatziarekin nazioarteko komunitate zientifikoaren erantzunari eta orain arteko jarrerari buruzko eztabaida ere sustatu nahi dela.
Holdren eta Talbotez gain, gutunaren beste hiru sinatzaileek ere (Albertako Unibertsitateko Toby Spribille, Riceko Unibertsitateko Neal Lane eta Pennsylvaniako Estatu Unibertsitateko Nina Fedoroff irakasleak) eskatu dute neurriak har ditzatela, bereziki, Errusiatik kanpo dauden eta orain beren programak bertan behera utzi dituzten ikertzaileak babesteko. Horretarako, honako neurri hauek proposatu dituzte: orain Mendebaldean dauden zientzialari eta ikasle errusiarren bisak luzatzea, gerrari aurre egiteagatik jazarriak izan daitezkeenak babesteko asiloa ematea edo planak ezartzea, etab.
Egilea: Luisa Maria Puertas