Gaurkoan, Aitana Fernández Villardón Deustuko Unibertsitateko ikertzailearekin izandako elkarrizketa aurkezten dizuegu esperientzien atal honetan. Fernández-Villardónek, I+G INTER-ACT proiektuarekin lankidetzan, Solasaldi Literario Dialogikoak aurrera eraman ditu Euskadiko ospitale psikiatriko batean.
- Konta iezaguzu, Aitana, nolakoak izan dira solasaldiak testuinguru horretan?
Solasaldietan, 25 pazientek hartu dute parte, eta Kafkaren “Metamorfosia” liburua irakurri dugu, literatura unibertsaleko lan handienetako bat. Solasaldiak astero egiten ziren, eta 45 minutu inguruko iraupena zuten. Parte-hartzaileak beren gogoetak partekatzeko eroso sentitzeko eta konfiantzazko giroa sortzeko, gutxi gorabehera 8 pertsonako 3 talde sortu ziren. Saio horietan, aldez aurretik orrialde batzuk irakurri ondoren, irakurketa horretatik sortzen ziren ideiak eztabaidatu eta komentatzen ziren.
- Nolakoak ziren solasaldietan sortzen ziren interakzioak?
Solasaldietan sortutako elkarrekintzak ikuspegi dialogikoan oinarritzen dira, hau da, arau batzuetan oinarritzen dira, besteak beste, berdintasunezko elkarrizketan, elkartasunean eta desberdintasunen berdintasunean. Gainera, parte-hartzaileek gogoeta egiteko eta beren pentsamendu- eta emozio-prozesuak arautzeko duten gaitasuna nabarmentzen da, baterako argudiaketaren bidez pentsamendu kritikoaren trebetasun hori sustatzen baita.
- Eta hobekuntzarik ikusi al duzue?
Bai, ikerketaren emaitzek erakusten dute, lehenik eta behin, mentalizazioa areagotu egin dela, hau da, norberaren eta besteen emozioak eta egoera mentalak identifikatzeko eta ulertzeko gaitasuna. Gainera, norberaren gaixotasun mentalari buruzko kontzientzia areagotu da. Halaber, emozio sakonen, hala nola errua, inguruko elkarrizketak edo drogari, alkoholari edo joko patologikoari lotutako adikzioez izandako debateak oso aberasgarriak izan dira jokabide horien kausak eta ondorioak identifikatzeko eta tratatzeko.
- Zer nabarmenduko zenuke esperientzia horretatik?
Batez ere, parte-hartzaileen arteko identifikazio-interakzioak eta elkarri ematen zioten laguntza. Era berean, tertuliako parte-hartzaileen pertzepzioa, haien arabera, oso positiboa izan da. Haiek adierazi dute solasaldiaren protagonista sentitzeak lagundu egin diela beste pertsonei entzun eta ulertzeko, eta testuinguru jakin batean zenbait gairi buruz konfiantzaz hitz egiteko.
- Eskerrik asko!
Zuei.
Egilea: Garazi Alvarez