Concepcion Arenal (Ferrol, 1820−Vigo, 1893) emakume aitzindaria izan zen espainiar feminismoan, eta bide-urratzailea gizarte-lanean. Zuzenbidean aditua izan zen, kazetaria, pentsalari askea, giza eskubideen aldeko aktibista eta esklabotzaren aurkakoa, poeta eta literatur errealismoaren korronteko lanen egilea (zarzuelak, antzerkia…). Bere idazkietan eta ekintzetan, XIX. mendeko espetxeen eta osasun-etxeen egoera kaxkarra, eskaletasuna eta, bereziki, emakumeen eskubideak salatu zituen.

Andereñoen eskola batean heziketa jaso zuen gizartean zuzen jokatzen ikasteko xedez, baina heziketa horrek ez zuen asebetetzen haren jakin-min intelektual agortezina. Bere kabuz italiera eta frantsesa ikasi zituen, eta zientziei eta filosofiari buruzko liburuak irakurtzen zituen. Hogeita bat urte zituenetik ekonomikoki independentea izanik, gizonezko arropaz jantzita entzule gisa joaten zen unibertsitatera (hasieran ezkutuan eta gero zaintzapean), baina lizentziatura ukatu zioten, eta baita gizonezko itxuraz ere, beste gizonezko intelektual batzuekin kafetegietako solasaldietan parte hartu ahal izateko. 1848an Fernando García Carrascorekin ezkondu zen, eta hiru seme-alaba izan zituen. Senarrak Concepción Arenalen nahiak ulertzen jakin zuen, eta berdintasunez tratatu zuen emaztea.

Emakumearen eskubideei buruzko haren lehen lana, La mujer del porvenir, 1869, liburu feminista da; bertan emakumeak hezkuntzarako sarbide librea izatea defendatzen du. Irizpide biologikoen arabera gizakiaren nagusitasuna sustatzen duten teoriak hankaz gora jartzen ditu. Gero beste obra batzuk etorri ziren, hala nola Estado actual de la mujer en España, 1895, edo La mujer trabajadora. Horietan, industriako emakume langileen eta gizonezkoen soldaten arteko ezberdintasuna kritikatzen du, eta tabua ziren beste eztabaida batzuk irekitzen ditu. La educación de la mujer (1892) lanean honako hau idatzi zuen: «Akats larria eta kaltegarriena da emakumeari irakastea bere eginkizun bakarra emaztearena eta amarena dela […]. Emakumeak behar duen lehen gauza bere nortasuna baieztatzea da, haren egoera edozein dela ere, eta ezkongabea, ezkondua edo alarguna izanik, konbentzitzea bete beharreko eskubideak, erreklamatu beharreko eskubideak eta inoren mende ez dagoen duintasuna dituela». Ponentzia hori Madrilen aurkeztu zuen Kongresu Pedagogiko Hispaniar-portuges-iparramerikarrean, “Emakumearen hezkuntzaren kontzeptua eta mugak” debatean.

Halaber, esan zuen emakumea bereziki egokia dela irakaskuntza bezalako jardueretarako eta, gainerakoetatik, ez dela a priori baztertu behar, politika eta armadatik izan ezik. Emakumeen gorputz-hezkuntzaren eta higienearen beharra ere defendatzen zituen, giza gorputzarekiko gelditasuna eta izua goraipatzen zituen tradizioaren aurka. Kleroa gogor kritikatu zuen: «Oro har oso ezjakina da, emakume ikasia ez du maitatzen, […] ezjakintasunean mantendu nahi du», idatzi zuen.

Bestalde, bere sinesmen erlijioso irmoek eragina izan zuten gizarte-ekintzaren esparruan zuen eginkizun aktiboan. Hala, 1859an San Vicente de Pauleko Konferentzien emakumezkoen taldea sortu zuen, karitatezko erakunde laikoa, urte batzuk lehenago Saint-Simonen sozialismo utopikoaren aurkako erreakzio gisa Frantzian sortua. Haren helburua pertsona txiroei laguntzeko benefizentzia zen. Arlo horri dagokionez, Manual del visitador del pobre, 1863, argitaratu zuen, eragin handiko lana, eta polonierara, ingelesera, italierara, frantsesera eta alemanera itzuli zuten. Haren Oda a la esclavitud, 1866, Madrilgo Elkarte Abolizionistak saritu zuen.

1872an Constructora Benéfica enpresa filantropikoa sortu zuen, langileentzako etxe merkeak eraikitzeko helburuz. Sorospeneko Gurutze Gorria (Cruz Roja del Socorro) Espainian antolatzen ere lagundu zuen, eta berak zuzendu zuen Miranda de Ebroko kanpaina-ospitalea. Bertan, Hirugarren Karlistaldiko bi aldeetako zaurituak artatzen zituzten.

1875etik aurrera, osasunez delikatua, bizitza publikotik aldenduta bizi izan zen, eta hainbat obra idatzi zituen, hala nola Las colonias penales en Australia y la pena de deportación (1877), La cárcel llamada Modelo (1877), Ensayo histórico sobre el derecho de gentes (1879), bere obra juridikorik garrantzitsuena nazioarteko zuzenbideari buruz. 1878an, bere lanik ospetsuenetako bat argitaratu zuen: La instrucción del pueblo, Zientzia Moralen eta Politikoen Akademiak saritutako lana. 1890ean, Emilia Pardo Bazanek Errege Akademian postu bat betetzeko hautagaitzaren defentsaren berri jaso zuen. 

Garaiko hainbat egunkaritan kolaboratu zuen, besteak beste: Boletín de la Institución Libre de Enseñanza, La España Moderna, La Nueva Ciencia Jurídica, Las Dominicales del Libre Pensamiento, La Ilustración Española y Americana.

1893ko otsailaren 4an hil zen Vigon, eta bertan lurperatu zuten. Haren epitafioa bizitza osoan lagundu zion leloa da: «Bertuteari, bizitzari, zientziari». Hala ere, haren esaldirik ospetsuena ziurrenik «delitua gorrota ezazu eta gaizkileaz errukitu» izan zen, delitugileei buruz zuen ikuspegia gizarte zapaldu eta zapaltzailearen emaitza gisa laburbiltzen baitu.

«Eskolak ireki eta kartzelak itxiko dira». Concepción Arenalen esaldi labur horrek hezkuntzak beste ezeren gainetik izan behar duen ezinbesteko balioari egiten dio erreferentzia. Hezkuntza ona bada, delinkuentzia- eta pobrezia-mailak txikitu egingo dira. Zalantzarik gabe, haren garairako oso esaldi aurreratua. Horrekin, Concepción Arenalek hezkuntzarako deia egin du, askatasunerako ate gisa.

Egilea: Alfonso Caño