Adiskidetasunari buruzko literatura zientifiko zabal eta aberatsa dago, baita pertsonen bizitzako hainbat eremutan dituen onurei buruzkoa ere. Egun, badakigu norbanakoaren harreman hurbilenen kalitatea funtsezkoa dela bizitza zoriontsua izateko, dirua edo ospea baino gehiago. Hala baieztatu du Harvarden helduen garapenari buruz egindako azterketak (The Harvard Study of Adult Development). Ikerketa hori munduan egin den luzeenetakoa da, eta agerian utzi du kalitatezko harremanak bizitza luzeago eta zoriontsuagoari lotuta daudela. Beraz, gure bizitzetan ditugun harremanen kalitatea bereziki garrantzitsua da, elkartasunean eta elkarrizketan oinarritutako laguntasunharremanek osasun hobea sustatzen baitute.
Bestalde, neurozientziak erakutsi du liburu baten irakurketak garunaren arkitektura alda dezakeela (Kandel, 2007). Hori gutxi ez eta, liburu batzuen irakurketak eta eztabaidak norbanakoen etorkizuneko bizi-erabakietan eragiten dutelako ebidentziak ere badaude (Racionero et al., 2020).
Bi ezagutza horiek kontuan hartuta, Gómez eta kideek (2022) orain arte esploratu gabeko gai bati heldu diote, adiskidetasunari buruzko liburu bat irakurtzeak pertsonen bizitzan duen eragina aztertuz. Aztergai izan duten gai horretan sakontzeko, “Laguntasun Sortzaileak” liburua irakurri duten 30 pertsonaren laguntza izan dute. Irakurle horiek elkarrizketatu eta haiekin hiru mintegi dialogiko egin ondoren, jasotako emaitzak Adiskidetasunari buruzko liburu baten inpaktua irakurleen bizitzan (The Impact of One Book About Friendship in the lives of Readers) izeneko artikuluan argitaratu dituzte.
Horrela, “Laguntasun Sortzaileak” liburuaren irakurketak eta horren inguruko elkarrizketek lau kontzepturi buruzko hausnarketa eragin dute irakurleengan: edertasuna, ontasuna, egia eta askatasuna. Egindako ikerketak agerian utzi du irakurketa egin duten irakurleengan edertasun-sentimendua pizten dela. Alde batetik, irakurketa bera ederra iruditu zaielako, baina, horrez gain, besteekin sortutako elkarrizketek edertasunaren izaerari buruzko gogoeta, emozio eta sentimenduak aktibatu dizkietelako. Izan ere, liburuko protagonistak dituen idealen eta jokabidearen arteko koherentzia ikusteak beren bizitzetan horrela jokatzeko gogoa ekarri die irakurleei, eta horrek euren bizitzak edertuko dituela sentitzen dute. Ondorioz, zenbait irakurlek laguntasun zaharrak eraldatu dituzte, eta berriak sortu. Ontasunarekin ere berdina gertatzen da. Liburuak oinarrian duen ikuspegi berdinzaleak agerian uzten du harreman berdinzaleek pertsonen bizitzetan duten eragin positiboa. Harreman berdinzaleak aldarrikatzeko eta horiek lortzeko, ordea, defendatu nahi diren balioak argi edukitzeaz gain, botereharreman guztien gainetik horiek defendatzeko behar den adorea ere ezinbestekoa dela aipatzen dute irakurleek, eta beren bizitzetan adore hori edukitzeko nahia plazaratzen dute. Egia bilatu eta esatearen garrantzia da irakurleen liburutik jaso duten beste eraginetako bat. Azkenik, irakurleek askatasunaren inpaktua deskribatzen dute, eta haurtzarotik hasi eta bizitza osoan zehar pertsona guztiek izan beharko luketen erabakiak hartzeko askatasunari erreferentzia egiten diote.
Egilea: Leire Ugalde