Garai honetako erronkarik garrantzitsuenetarikoa dugu neska ijitoek hezkuntzan aurrera egitea eta goi-mailako ikasketak izatea. Jakin badakigu geroz eta adibide gehiago ditugula, baina argi dago ikasle ijitoek, batez ere neskek eta emakumezkoek, oraindik ere indar handiagoa egin behar dutela hezkuntza-arrakasta lortzeko. Hartara, R-Transform proiektua Europa mailan ari da zabaltzen jarduera arrakastatsu bat: ikasle ijitoen jardunaldiak, alegia, edo Trobada-k.
Trobada-k Katalunian hasi ziren orain dela hogei urte baino gehiago, eta urtetik urtera parte-hartzeak gora egin du. Urtero egiten den jardunaldia da, nahiz eta zenbait urtetan bi jardunaldi egin diren. 2000. urtetik hona, egitura berari jarraitzen dion egun osoko ekitaldiak hainbat profiletako neska eta emakume ijitoak elkartu ditu hezkuntzaren inguruko gai garrantzitsuak eztabaidatzeko. Horretarako, ebidentzia zientifikoetan oinarritzen den hitzaldiak ematen dio hasiera ekitaldiari. Jarraian, galderak eta eztabaidak jaso eta partekatu ondoren, parte-hartzaileak talde txikitan banatzen dira hitzaldian planteatu diren gaien inguruan sakonki aritzeko. Talde-lanetan, oso garrantzitsua da bai emakume bai neskato ijitoek denbora osoan hitza izatea, hau da, haien momentua da, eta haien ahotsak protagonistak izan behar dira. Ordu baten bueltan, talde txiki guztiak elkartzen dira berriz, eta talde bakoitzeko bozeramaile batek eztabaidatu diren gaien ondorioak edo laburpena partekatzen du. 400 emakume zein neskato ijito elkartu ziren Bartzelonako Unibertsitatean 2019an, historian lehenengo aldia izan zen goi-mailako instituzio horretan horrenbeste emakume ijito zegoena. Dena dela, urtetik urtera geroz eta neska ijito gehiago animatzen dira hezkuntza-ibilbidean aurrera egitera, eta ikasketak aspaldi utzi dituzten emakume ijitoek ere ikastera bueltatzeko indarra eta laguntza topatu izan dute halako ekitaldietan.
Gauzak horrela, R-Transform proiektua ekitaldi horren nondik norakoak Bulgarian, Erresuma Batuan, Hungarian, Serbian eta Grezian aurrera eramaten hasi da. Inplementaziorako urratsak sistematikoki jaso dira gida honetan, non Trobada-k aurrera eramateko jakin beharreko gauza guztiak jasota dauden. Hala, ikasle ijitoek geroz eta esparru eta testuinguru gehiagotan behar dituzten laguntza eta animoak topatuko dituzte Trobaden bidez.
Egilea: Kaiera