Ikerkuntza zientifikoak jada erakutsi du nola hobetu daitezkeen irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak guztiontzako hezkuntza-arrakasta eta inklusioa lortzeko. Hala ere, atentzio handiagoa eman behar zaio pobrezia sakonean dauden ikastetxeetako desberdintasun-zikloa hausteari. Irakasleek bakarrik ezin diote egoera horri erantzuna eman; komunitatea eta familiak behar dituzte. Ikas Komunitateak, zentzu horretan, ingurua transformatzeko indar eragilea dira, familiak eta komunitatea ikasleen ikaskuntza-prozesu guztietan sartzen baitituzte. Irakasleen rola, hala, oso garrantzitsua da proiektuaren mantentzea eta hedatzea ziurtatzeko.
Hori kontuan hartuta, García-Carrión eta kideek irakasleen garapen profesionala Ikas Komunitateetan nola eraikitzen den ikertu zuten. Horretarako, 30 orduko sentsibilizazio-prozesua, hau da, formakuntza, aztertu zuten Kolonbia, Mexiko, Peru eta Brasileko eremu behartsuetan. Behaketak eta eztabaida-taldeak erabili ondoren, hurrengo emaitzak atera ziren.
Bi ezaugarri nagusi dira sentsibilizazio-fasearen gakoak: ikuspegi dialogikoa eta ebidentzia zientifikoetan oinarritzea. Lehenik, ikuspegi dialogikoak ematen duen teoria eraldatzaileak irakasleen geroko jarduerak markatuko ditu, eta ikasle guztiei arrakasta akademikoa izateko aukera emango die. Hala, irakasleak eraldatzeko motor bihur daitezkeela konturatu daitezke. Hala ere, prozesu horrek ere erresistentziak aurkitu zituen, hala nola irakasle batzuen jarduera momentura arte erabat kontrakoa izatea, edota aurretik oinarri zientifikorik ez zuen formakuntza jaso izana, emaitza akademikoak batere hobetu gabe. Bigarrenik, oinarri zientifikoetan zentratzeak irakasleei haien eguneroko jardueran aplikatzeko aukera eman zien. Irakasleek bereziki nabarmendu zuten proiektu horrekin lorpena eta ikaskuntza sozial eta emozionala hobetu daitezkeela ikasi zutela.
Laburbilduz, ikerkuntzak erakutsi du testuinguruan bakarrik zentratzea arriskutsua izan daitekeela, gu immobilizatzea ekar dezakeelako bidegabekeriaren eta desberdintasunaren aurkako borrokan. Hau da, Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak edozein testuingurutara aplikatu daitezkeela dakigu.
Egilea: Ane López de Aguileta